EH Bilduren debekuaren gainetik Topagune Sozialista egingo dugu gaur eta bihar.

Hausnarketa politikorako, eztabaidarako eta ideien trukaketarako espazioa da Gazte Topagune Sozialista. Sozialismoaren kultura politikoa jaso, sakondu eta hedatzeko gunea. Andoaindik ere hamarnaka gaztek bat egingo dugu deialdiarekin.

Hilabeteetan zehar Topagune Sozialista Atarrabian eta Burlatan egiteko ahozko baimena eduki bagenuen ere, EH Bildu eta Sortu Topagunea debekatu nahian zebiltzala salatu genuen publikoki orain hilabete inguru, eta jarrera hori alde batera uztera eta irtenbidea bilatzera dei egin genien. Gure partetik, minimo batzuen baitan Topagunea moldatzeko prest geundela adierazi genien, bai eta adostasunera iristeko borondate politikoa geneukala ere. Azken aste hauetan, ordea, ez dugu beraien partetik inolako erantzunik jaso. Are gehiago, hartu dituzten erabakien zergaitiak azaldu ordez, eta aurpegirik eman gabe, auzotarrak eta herritarrak Mugimendu Sozialistako kideon aurka jartzen saiatu dira uneoro. Alderdi politikoengandik modu independentean antolatzen garen gazteon kasuan ez dute dialogoaren kultura aplikatzen, nahiago izan baitute herri mailan egoera tentsionatzea. EH Bilduko oinarri sozialeko jendeari honen guztiaren inguruan hausnartzera eta horrelako jarrera baztertzaileak alde batera uztera dei egiten diegu. 

EH Bilduk eta Sortuk bultzatutako betoa justifikatzeko, funtsean honakoa da adierazi dutena: batetik, inoiz ez dugula Topagunea antolatzeko baimenik eduki eta, bestetik, Atarrabian soilik makro-jaialdi bat egin daitekeela urtean. Batetik, alkate eta teknikariek behin baino gehiagotan baimena berretsi zigutela aipatzeaz gain, ez dauka zentzurik pentsatzeak inolako baimenik gabe Topagunea antolatzeko izugarrizko lan eta diru inbertsioa egingo genukeenik hilabeteetan zehar (galera horiek guk asumitu behar ditugularik orain). Guri interesatzen zitzaigun bakarra Topagune Sozialista bermeekin antolatzea zen; izan ere, garrantzia handia ematen diogu Euskal Herriko milaka gazte politizatu batzeko espazioa irekitzeari, bertan aktualitatearen inguruan hausnartzen, ideia ezberdinak eztabaidatzen eta gure arteko komunitatea sendotzen baitugu. Bestetik, eta hari berdinari tiraka, jakina da Topagune Sozialista ez dela festarako makro-jaialdia, eta aurreko edizioetan erakutsi dugu Topaguneak ez duela herriko eguneroko dinamika oztopatzen; are gutxiago aurtengo kasuan, bi herritan sakabanatuta baitago Topaguneko egitaraua. 

EH Bilduk eta Sortuk jarrera debekatzaile zein baztertzailearekin jarraitzen dutenez, eta irtenbidea bilatzeko inolako borondate politikorik ez dutela erakutsi ikusita, Topagune Sozialista moldatu beharrean aurkitu gara. 

  • Lehenik eta behin, Topagunearekin aurrera jarraituko dugula garbi adierazi nahi dugu; izan ere, gazteok bizi dugun pobretze egoeraren aurrean kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat modu burokratiko batean debekatzea guztiz onartezina da; are gehiago, motibo politiko eta arbitrarioetan oinarritutako debekua denean.
  • Hala ere, beraiek ez bezala, ez dugu herrian konfliktoaren logika elikatzea bilatzen. Horregatik, topaguneko egitaraua moldatu dugu, Topagunea bermeekin egin dadin. Alde batetik, egitaraua 2 egunetara murriztu dugu, nahiz eta horrek guri izugarrizko mugak jartzen dizkigun egitarau zabal bat ospatzeari begira. 
  • Beste alde batetik, eguneko eta gaueko egitarauak ere moldatu ditugu. Jarri dizkiguten oztopoen gainetik Topagune Sozialista Atarrabia eta Burlatan egingo dugu, jarri dizkiguten debekuek ez baitaukate ez hanka eta ez bururik. Are gehiago, gaur egun beharrezkoa da gazteon artean pentsamendu kritikoa sustatzeko eta bizi dugun egoeraren aurrean kontzientzia politikoa pizteko ekimenak antolatzea. Konpromisoa hartzen dugu eguneko egitarau honek ez duela herriko egunerokotasuna oztopatuko, izaera politikoko egitaraua izango baita, bi egun horietan hitzaldiak eta aldarrikapenak egitera bideratuta egongo dena. Gaueko kontzertuei dagokienez, udalak ez du bermerik jarri horiek baldintza egokiekin egiteko eta, ondorioz, bizilagunekin arazoak egoteko aukera irekita mantendu du udalak. Hori dela eta, ekimenak murriztu eta bermeekin beste toki batean egiteko erabakia hartu dugu. Udalak herritarrak lehenesten dituela dioen bitartean, gu izan gara egitaraua moldatu eta herritarrak kontuan hartu dituena.

Amaitzeko, EH Bilduk eta Sortuk jarri digun debekuaren inguruan egiten dugun irakurketa zabaldu nahiko genuke. Izan ere, behin baino gehiagotan erakutsi duten jarrera baztertzaile horren oinarrian honako auzia dagoela ulertzen dugu: kapitalismoaren krisialdiarekin batera, bizi baldintzak erabat okertzen ari dira eta, aldi berean, gazteriaren artean bestelako ikuspegi politikoak hedatzen ari dira; kasu honetan, komunismoarekin loturan dauden ideiak, bai eta gero eta antolakuntza gradu handiagoak ere. Gauzak horrela, gazteria politizatuaren  gaineko hegemonia galtzen ari da EH Bildu-Sortu, eta egoera horri aurre egiteko bitarteko ezberdinak erabiltzen ditu, estatu eta udal instituzioak barne.

Horrekin guztiarekin batera, sakoneko arrazoiak ikusten ditugu jokaera horretan; izan ere, EH Bildu espainiar instituzioen baitako alderdi batean bihurtu da, momentu honetan Espainiako gobernuaren euskarria eta aliatua dena. Bere jokamolde politikoa, beraz, estatuan integratzearen eta bertan erreformak negoziatzearen koordenadetan kokatzen da. Gainera, Ezker Abertzalearen iragana kontuan edukita, eta berak kale mailan presentzia duela probesteuz (gainontzeko alderdiek ez bezala), bere eginbeharra da erreforma politikoaren parametroeetan kokatzen ez diren langileriaren adierazpen politikoak oztopatzea eta jazartzea. Hori dela eta, gazte langile sozialistak geldiarazteko-funtzioa betetzea egokitu zaie, eta behin baino gehiagotan ikusten ari gara jokamolde hori. Horren adibideak dira: beto politikoak eta ekimenak egiteko zailtasunak EH Bilduren hainbat udaletxeetan, betoak txosnetan, Mugimendu Sozialistaren propaganda kentzea, intoxikazio saiakerak eta abar.

Amaitzeko, horren guztiaren aurrean garrantzitsua deritzogu langileok instituzioetatik harago politika egiteko ditugun eskubideak defendatzea. Bide horretan, horrelako debeku eta arbitrarietateak errepikatu ez daitezen ezinbestekoa da jendartearen ekarpena.

Besterik gabe, Gazte Topagune Sozialista berme guztiekin egiteko konpromiso osoa berretsi nahi dugu, eta egun horiek gazteriaren grin kritikoa sustatzeko balio dezatela ahaleginduko gara.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!