Faxismoa itxarongelan

Jada ez dugu urrutira joan behar gure inguruan urruneko ikusten genituen adierazpen faxistak aurkitzeko: etorkinen kriminalizazio eta seinalamendu zuzena Hernanin azaldutako pankartetan, Asteasuko errepideetako pintadak, eta gertu geratzen zaizkigun beste hainbat adibidetan.

Azkena, aste honen bueltan izan dugu Urnietan bertan, aldarrikapen faxistez josia agertu baita. Normalizatu ezin diren pegatina, pankarta eta mezuak dira faxista hauenak. Geroz eta gertuago dago faxismoaren mamua, horregatik, etorri baino lehen horma bat eraiki behar dugu. Faxistak Euskal Herritik ez pasatzeko mobilizatu behar gara.

Geroz eta gertuago dugun gerraren mehatxupean, lan baldintzen aurkako eraso eta etxebizitzarako ezinezko sarbidearen testuinguruan, faxismoa ez da aukera bat. Faxismoa kapitalismoaren aurpegi totalitarioena da, langile klasea osatzen dugun kolektiboen aurkako mugimendu koldarra. Kapitalismoak sortzen dituen bizi baldintza negargarriak eta kultura postmodernoaren aitzakiapean ezin ditugu ideia eta praktikak erreakzionarioak aukera gisa ulertu. Ezin ditugu faxistak eragile zilegi gisa onartu.

Gerrari dagokionez, ezin dugu normaltzat jo, oligarkiaren interes politiko eta ekonomikoak babesteko milioiak eta milioiak bideratzea eta bitartean gure eros ahalmena geroz eta baxuagoa izatea. Gerrara ohitu zintezke, baina gerra egon badago.

Horiek horrela, Gazte Koordinadora Sozialistatik, lehen lerroan egoteko konpromezua hartzen dugu, jendartean gero eta nabariagoa den beldur eta ezinegon honen aterabide bakarra mobilizatzea eta faxismoa kaleetan borrokatzea delako. Horretarako mobilizatuko gara Urtarrilak 25ean Bilbo eta Iruñean “Gerraren eta Faxismoaren aurka gazte langileok lehen lerrora” lemapean.

Gorakada erreakzionarioa gelditzeko momentua orain delako, faxismoaren eta gerraren aurka kaleak hartu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!