Larunbat honetan, Eskola Politikoen lehen saioa Igaran

Larunbat honetan, martxoak 22, Eskola Politikoak formakuntza politikorako zikloa martxan jarriko da Igara Espazioan, gazteen artean hausnarketa eta eztabaida kolektiborako espazio bat eskaintzeko helburuarekin. 

Lehen saioa goizeko 11:00etan abiatuko da, eta eztabaidaren ardatz nagusia Manifestu Komunista (hemen irakurgai) izango da. Berebiziko garrantzia du oraindik ere Karl Marxek eta Friedrich Engelsek idatzitako testu klasiko honek, eta saio honetan bere edukia aztertuko da gaur egungo testuingurura ekarriz.

Lehen saioaren ostean, hurrengo aste eta hilabeteetan formazio zikloak beste hainbat saiorekin jarraituko du. Saio horietan, Estatua eta Iraultza (Lenin), Erreforma ala Iraultza (Rosa Luxemburg) eta Frantziako Gerra Zibila (Karl Marx) aztertuko dira. Igara Espazioan zein Andoaingo Gaztetxean burutuko dira saio horiek.

Ezagutza teorikoa ezinbestekoa da jardun politikoa behar bezala norabidetzeko, eta horregatik, dei egiten diegu errealitate kapitalista aztertu eta irauli nahi duten herritarrei bertan parte hartzera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!