Ordezkaritza hau Larraul, Asteasu, Alkiza, Aduna, Zizurkil eta Amasa-Villabonako Haurreskoletako, Herri Eskoletako eta Aiztondo bailarako Erniobea Institutuko zuzendaritzek eta Guraso Elkartetako familiek osatu zuten. Ordezkariek, Aiztondo bailarako udalei eta Hezkuntza Sailari, "Euskal Eskola Publikoa” zein sare publikoko “Haurreskolak” babestuko dituzten baliabide guztiak martxan jartzeko beharra azpimarratu zuten.
Bertaratutakoen artean, Aiztondo bailarako eskolek izan dituzten matrikula datuak partekatu ziren, 2 urteko gelan hasiko diren haurrenak eta 12 urterekin institutuan bilduko diren gazteenak. Aldi berean, bailarako Haurreskolek ere hartu zuten hitza eta gaur egun izaten ari diren traba administratiboak aipatu zituzten.
Amaitzeko, Aiztondoko Euskal Eskola Publikoa aukeratu dutelako Aiztondoko familiei eskerrak eman nahi zaie. Denona, denontzako, euskalduna, laikoa eta gizarte kohesioa bermatzen dituen Euskal Eskola Publikoak jarrai dezala aurrerantzean ere indarra metatzen.