Ikasketak aurrera eramateko garaian trabaz beteriko bide batekin egiten dugu topo euskal herriko ikasleok. Gazte bezala bigarren mailako herritarrak bagara, hori bikoiztu egiten da gazte eta ikasle izanda. Ikasketak euskaraz egitea oztopoz beteriko zoru baten gainean ibiltzea da, ez soilik bidea oztopatzen diguten harriz beterik dagoelako, eskubide urraketa etengabeak pairatzen ditugulako ere bai. Aspalditik salatzen gabiltzan egoera honek, hezkuntza eremua aktibatu eta elkarlanean antolatzera garamatza.
Euskaraz ikaste dugula esaten den arren, hezkuntza prozesu hori ezin dugu sekula
%100an euskaraz gauzatu: irakasle euskaldunen falta, euskarazko zerbitzu eza, euskaratu gabeko material didaktikoaren etengabeko erabilera, euskarazko ikasketen eskaintza eza... urtez urte pairatzen ditugun eskubide urraketak dira. Gainera, agerikoa da hezkuntza eredu honek ez duela euskararen jakintza eta erabileraren arteko ispilu gisa funtzionatzen. Hezkuntza eredu honek ez du gure belaunaldia euskalduntzeko gaitasunik. Egoerarekin kezkatuta gaude, eta azken Gaztealdian adierazi bezala, ez gaude gure heziketa prozesuan ezinbestekoa den arlo honetan besoak gurutzatuta gelditzeko prest.
Euskal Herrian euskarak bigarren mailako hizkuntza trataera jasan ezin duen modu berdinean, Euskal Herrian euskaldunok ezin dugu bigarren mailako biztanle izan. Martxoaren 23an dagokigun hezkuntza euskalduna aldarrikatzera aterako gara.
Hezkuntza euskaldun bat bermatu dadin hurrengoak dira gure aldarrikapenak:
-
Hezkuntza prozesua %100an bermatuko duen irakasle e t a l a n g i l e euskaldunen kontratazioa.
-
Erabiltzen diren eduki guztiak euskaratuta egotea.
-
Hezkuntza eremua euskaldundu bat, paisaia linguistiko euskaldun osoa ahalbidetuko duena: eremu fisikoan, zerbitzu zein langileei dagokienez eta eremu digital eta didaktikoan.
-
Ez da bakarrik euskaraz egotea, baizik eta euskal herrira egokitutako hezkuntza eredua eskaintzea. Euskal errealitateari egokitutako hezkuntza prozesu bat behar dugu ikasleok.
Hori eta gehiagoren ondorioz, martxoaren 23an mobilizazioak egingo ditugu Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean. Hezkuntza euskaldun baten eskubidearekin bat egiten duten eragile zein hezkuntza komunitateko kide guztiei dei egiten diegu gurekin batera mobilizazio hauetan parte hartzeko. Euskara Aurrera joan dadin, estrategikoa den hezkuntza sistema inposatu hau irauli beharra dago.
Gure eskubidea delako, dagokiguna exijitzera goaz. Hezkuntza euskaraz izan behar da. Martxoaren 23an kalera!