Martxoaren 8an mobilizatzearen garrantziaz

Erabiltzailearen aurpegia Itaia Buruntzaldea 2025ko mar. 6a, 11:54

Azken hilabeteetan areagotzen ari diren ideia eta jarrera erreakzionarioen eta matxisten aurkako borrokan, emakume langileok lehen lerroan egon behar dugula aldarrikatu nahi izan dugu, aurtengo martxoaren 8aren bueltan.

Emakumeon aurkako jarrerak instituzioetan, sare sozialetan zein kalean, zabaltzen ari dira. Honen adibide izanik, matxismoaren existentzia ukatzen duten ideiak. Baina jakin badakigu, kontrakoa esan arren, emakumeok zapalduak egoten jarraitzen dugula, eraso matxistak pairatzen jarraitzen dugula. Honen adibide dira, Gasteizen emakume adingabe bati egindako eraso matxista edota, San Ferminetan duela 9 urte egindako bortxaketagatiko zigorra murriztu berri izana bortxatzaileetako biri.

Egoera larri honen aurrean posizionatzeko momentua dela uste dugu: emakume langileon zapalkuntza betikotzen jarraitu edo matxismoaren eta jarrera erreakzionario eta faxisten aurka borrokatzeko hautua egin.

Itaiatik, aurtengo martxoaren 8an borrokarako deia egin nahi dugu. Bere jatorrian dagoen edukia eta izaera iraultzailea desitxuratuak izan dira, eta honekin batera berdintasunaren aldeko aldarria edukiz hustu da. Izan ere, eskuineko alderdiek ere diote berdintasunaren alde daudela, haiek direlarik instituzioetan ideia matxista eta atzerakoiak zabaltzen ari diren agenteetako bat.

Honegatik guztiagatik, larunbat honetan 13:00an Hernaniko Gudarien Plazan mobilizazioa egingo dugu “Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara!” lemapean, eta Buruntzaldeako Itaiatik mobilizazio honetan parte hartzera gonbidatzen dugu herritar oro.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!