Maite den edozeinen absentzia bihotzeko min bat da, heriotza bere gordintasunean, bizitzari kendu zaion irriñoa, eta ez duzula berriro ikusiko sinistu beharra, ziztada bat, memoriaraino ailegatuko zaizun momentu tristea. Gabe bizitzen ikastea, agian, besterik ez dago. Aurrera egiteko. Ukan duzula eta izan dela, pentsamendura ekartzen duzun aldi oro, babes eta harrotasunez, gozamen pun-ttu bat sentitzeko.
Hamar urte Xabier Lete joan zela, eta aurrez aipatu dudan mina bere hurbilekoetan imajinatzen dut, halabeharrez, min desberdinak ere badaudela ulertzen baitut, bizirik dago oraindik enetzat, eta ustez, baita zuretzat ere, irakurle. Funtsean, hamar urte maite dudan norbait ikusi gabe, eta harekin elkartuko banintz utzi nuen toki berean berreskuratuko nuke harremana, denborarik pasa ez dela jakinda, askotan hori ere bai baitago, norbaitekin pentsamendua izan baduzu, eta egun askotan hura oroitu, pasa den denbora tartea ez da existitzen, beti da atzo. Ez da nehoiz isildu, nehor gutxi ahantzi da berekin, eta ez bada antzerki lan batean, musika eta poesia uztartzen dituen emanaldi askotan presente da oraino.
Xabierrekin, bere olerki, kantu eta orohar egunero gozatzeko eskaini digun obra handi horrekin, beti izango da atzo. Bestalde, atzo erakutsi zigula oroitzen baitut antzerkia, hitzen inportantzia, pentsatzeko, espresatzeko, nor izaiteko, zu zeu, adibidez. Txikitako oroimena datorkit, ikastolakoa, antzerkian nola jarduten ginen, isilean lan eskerga egindakoa baita arlo horretan ere, beti kulturaren bultzadan, beti eskueran zeukana emanaz, eta jeinu handiak bezala jenioa agertuta batzuetan.
Amak hurbileko harremana zuen berekin eta Lourdesekin, eta poetarengana hurbiltzeko zortea izan nuen adiskidantza haren bidez. Bizitzak lerro zailetan jarri ninduen gero, Toulouseko kartzelan, Okzitanian, ez dut Frantzia idatzi, okzitanoen berri Xabier berak eman zidan gutunez, eta hor ere irakasle jardun zen; harreman epistolarra eduki genuen denbora luze batez eta ekarpen handia egin zidaten bere hausnarketa eta aipamen anitzek. Horrentzat dut presente, asko akordatzen naiz berekin, eta atzo izan balitz bezala oroitzen dut dena. Azken batean, atzo Xabierrekin egon garela, sentsazio hori utzi digu askori, eta uste dut atzo asko etorriko direla gerora oraindik.