1979ko maiatzaren 5eko gauean (larunbat-igandea), ikastolako ikasle garaietan egindako lagun-kuadrillarekin batera Santa Krutz jaiekin gozatu ostean, gauerdi aldera, oinez erretiratu zen etxera; izan ere, hurrengo goizean aita eta biek baserriko lanei ekin behar zieten. Etxerako bidean zihoala, pistolaz mehatxatuta auto batean sarrarazi zuten. Xoxokarako bidea hartu ostean, Azkonobieta baserritik 200 metro gora, bide-bazterrean, tiroz erail zuten.
Helburu argia zeukaten egileek: samina eragin herriko festekin gozatzen ari zen gizarteari, euskal gaztediari batez ere. Eta mina ez ezik, izuaren mezua ere zabaltzea, diktadura frankistatik irten berritan, eguneroko bizimodua, lagunartekotasuna, festak zein kultura askatasunean bizitzeko irrikaz zegoen gizarteari.
Joxe Ramon Ansa, Buruntzaldean estatuko aparatuen konplizitatearekin mugitu ziren ultraeskuindarren biktimetako bat izan zen. Gogoratu beharko genituzke beste zazpi lagunak: David Salvador Bernardo, Tomas Alba Irazusta, Felipe Sagarna Ormazabal, Migel Maria Arbelaitz Etxebarria eta Luis Maria Elizondo Arrieta, Joakin Antimasbere Eskoz, eta, Jabier Ansa Zinkunegi.
Santa Krutz jaietan murgilduta gaudelarik, Joxe Ramonen senideek, adiskideek, bizilagunek nahiz herritarrek ospakizunekin gozatu nahi genuke, eta, aldi berean, ez genuke ahantzi nahi harenganako oroimena. Gogoan daukagun bitartean, bizirik jarraituko baitu gure artean.
Gogorapen ekitaldia, oroitarriaren (Xoxokako bidean) aurrean, maiatzaren 6an, larunbatarekin, eguerdiko 11:00etan.
"Ez gaude ahaztuta" liburu-dossierra salgai egongo da Santakrutzetako artisau azokan (apirilak 29, larunbata), 10:30etik aurrera.