Habanera entzunarazi nionean ez zitzaion gustatu. Gozoegia iruditu zitzaion. Xalbadorren heriotzean aurkeztu nionean, antzeko inpresioa eragin zion. Baina Langile baten seme entzun zuenean dena aldatu zen.
—A ze zakartasun indartsua! Ostikoka kantatzen dik! Aita zena errieta egiten ekartzen zidak gogora! Zer diote hitzek?
—Langile baten semea dela, aita bezala langile, eta inork ez diola laguntzen. Baina herriaz ere antzera mintzo dun. Esaten din historiaren tabernan ardoa mindua edaten duen herria dela berea; tira, gurea.
—“Ardo mindua historiaren tabernan”. Ederra!
Gizon arruntaren koplak entzunarazi nizkion ondoren eta zoragarri iritzi zien haiei ere.
Lurretik ilargira joan-etorri ugari egiten genuen garai hartan Fabianak eta biok, AGK Aginte Global Konputerizatuaren IZE Ilargiko Zerbitzu Estazioan mantentze-lanak egiteko, eta bidaietan musika entzun eta musikari buruz hitz egitea eta eztabaidatzea maite genuen.
—Beste kantari bat gaixotu eta haren ordez taula gainera igota eman omen zinan lehen kantaldia Xabier Letek —azaldu nion bidaia haietako batean, Leteren musika lehen aldiz entzunarazi nionetik pare bat astera edo.
—Bazekiat —eten zidan, ni harrituta utziz—. Kantaldiaren ondoren, orduan osatzen zuten taldeko beste kide batek zer esan zion ere bai: “Hik ez duk teknikarik, hi haiz basapiztia bat. Hain gaizki kantatzen duk, hik kristoren arrakasta izango duk”.
Nik berari euskal kantariena bezala, ilargirako gure lan bidaietan Fabianak Italiako kantarien berri ematen zidan niri, eta Italiako punk taldeena ere bai askotan, punka oso maitea baitzuen. Baina nik ez nion kasu handirik egiten. Fabiana, aldiz, Leterekin kateatuta geratu zen, gero eta pasio handiagoz.
—Orain, igurtziaren eraginez edo, hura hobeto ulertzearen poderioz, kanturik leunenak ere gustatzen hasi zaizkidak
–esan zidan aurrerago–. Habanera ez diat oso ondo eramaten oraindik. Ez zegok erabateko amodio perfekturik! Baina Xalbadorren heriotzean gustatzen hasi zaidak, baita Heriotzaren begiak ere. Ni naiz, Sinisten dut eta Ez dut amets haundirik ere ikaragarriak ditun! Indar handiko poeta eta kantaria duzue Lete. Beti zakar baina beti maitekor, beti errietan baina beti samurtasun ezkutu halako batez. Maitasun gatazkatsuen ekaitz giroan beti.
Leterekiko pasioak bultzatuta, haren garaiko beste euskal kantarien lanak ere sakon ezagutu zituen Fabianak, neuk baino sakonago: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Antton Valverde... Baina inork ez zion Xabier Letek adinako zirrararik eragiten.
—Hara, Laboa eta Lertxundi, zer esango diat ba nik... —esan zidan—. Urrutira eramaten haute, bikainak dituk basoaren erdian galtzeko, mendien gainetik hegoak altxatzeko edo ur abisaletan igeri egiteko, baina Letek asfaltoa urratuta eta mila zulo eginda duen kale bateko etxe baten atarira eraman eta piltzarrez jantzitako umeen jolasei begira jartzen hau. Oso lurtarra duk, oso kalekoa, oso… Langile baten semea, gizon arrunta, amets egin nahi eta ezinean munduari zakar zaunka eta ostikoka. Ezin duk kasualitatea izan: Letek ez dik kantu bakar batean ere aipatzen ilargia.
—Bai, ordea, izarren hautsa…
—Bai, baina izarren hautsa ere, Leterengan, lurtarra duk zeharo. Kantu hori ere hankak lurrean zituela eta ostikoka kantatzen zian.
Elkarrekin egindako azken bidaia izan zen hura. Ilargira iristen ari ginela, meteorito batek jo zuen bete-betean gure ontzia, eta ni ozta-ozta salbatu nintzen Fabianarekin batera hutsean erori, ezerezean amildu eta hauts bihurtzetik.