Hipoteka-gastuak: Kutxabank eta beste banku batzuen iruzurra

Erabiltzailearen aurpegia Marce Garcia

Marce Garcia.

Marce García naiz, Andoaingo Stop Desahucios taldeko lehendakari ohia, Stop Kaleratzeak Euskadiko Etxebizitza Taldeko kidea, Zuzenbidean lizentziaduna eta 2012tik etxebizitza duinaren aldeko ekintzailea.

Plataforman sartu nintzen urtetik bertatik, bankuek egindako praktika abusibo eta ilegalei buruz salaketa eta kontzientziazio lana egiten aritu ginen, milaka eta milaka etxegabetze eragin zituzten erakundeak salatuz.

Zuetako askok badakizue Andoaingo Stop Desahucios taldeak jardunean iraun zuen bitartean, aholkularitza eta hitzaldi bidez laguntzen saiatu ginela, hipoteka-kontratuetan zeuden klausula abusiboak erreklamatzeko prozesuetan. Kasu askotan dirua itzultzea lortu genuen, eta artikulu honen bidez, oraindik lagundu nahi diet andoaindarrei, bankuek modu bidegabean kobratu zieten guztia berreskuratzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Artikulu honetan egungo egoera azaltzen dut, Kutxabank eta beste banku batzuek egindako iruzurra salatzen dut, batez ere aholkularitza profesionalik gabe erreklamatu zutenen kasuan, eta horren inguruko zalantza nagusiak argitzen ditut.

Iruzurra

Kutxabank eta beste banku batzuen iruzurra aholkularitzarik gabe erreklamatu dutenei egindako itzulketetan. Lehenik eta behin, Euskadi mailako primizia bat eman nahi dizuet Kutxabanki edo beste banku batu batzuei bakarka erreklamatu eta finantza-erakunde horiek beren “borondatez” zenbateko bat itzuli dizuetenoi –dena esatera, Kutxabank bakarretakoa da auzitegietara jo beharrik gabe dirua itzultzen duena–. Nire mezua da litekeena dela Kutxabankek eta beste banku batzuek beste behin engainatu izana eta benetan zor dizuetenaren erdia baino gutxiago itzuli izana. Hori egiaztatzeko, nirekin harremanetan jar zaitezkete. Doako zerbitzua emango diet gesprest@gmail.com helbidera "hipotekaren gastuak Andoain" izenburupean idazten didatenei. Bertan esango dizuet engainatu zaituzten edo ez. Normalean itzulketak 1.000 eta 1.500 euro artekoak izaten dira. 1.000 euro baino gutxiago itzuli badizuete, seguruenik engainatu zaituztete. Badakit zertaz ari naizen, eta badakit engainua orokorra izan dela. Nirekin harremanetan jartzen zaretenoi azalduko dizuet zertan datzan engainu hori.

Doako zerbitzua emango diet gesprest@gmail.com helbidera "hipotekaren gastuak Andoain" izenburupean idazten didatenei.

Preskripzioaren argudioa

Hori da banku gehienek erreklamazioak ukatzeko erabiltzen duten aitzakia: espedienteak preskribatuta daudela diote. Baina hau jada Europar Batasuneko Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak (AG) argitu dute. Iazko ekainean, Auzitegi Gorenak 2024ko ekainaren 14ko 857/2024 epaian ebatzi zuen erreklamatzeko preskripzio-epea kontatzen hasten dela klausula baliogabetzat jotzen duen epaiaren irmotasun-datatik aurrera, salbu eta bankuak frogatzen badu kontsumitzaileak lehenago jakin zuela klausula hori abusuzkoa zela.

Zein hipoteka erreklamatu daitezke? 

Bankuak bezeroari gastuak kobratu zizkion hipoteka guztiak, ez dio axola noiz sinatu ziren edo amaitu diren ala ez. Zein gastu reklamatu daitezke?

  • Erregistroko, gestoriako eta tasazioaren %100.
  • Notaritzakoen %50.
  • Eta horien guztien interes legalak.

Egoera bakoitzaren aurrean nola jokatu

  • Oraindik ez dut erreklamatu. Zeren zain zaude 1.000 eta 1.500 euro artean berreskuratzeko? Hori egiten ez baduzu, zure bankuko presidenteak eta akziodunek eskerrak ematen dizkizute eskuzabaltasunagatik. Auzitegi Gorenaren epai horren arabera, nahi duzunean egin dezakezu erreklamazioa. Baldintza bakarra hipoteka 2019 baino lehenagokoa izatea da.
  • Erreklamazioa iraganean aurkeztu nuen eta atzera bota zidaten. Kasu askotan, Bankuek klausularen baliogabetasuna onartu zuten, baina itzulketaren erreklamazioa preskribatu egin zela erantzun zuten. Beste kasu batzuetan, preskribatutzat jo zutelako bakarrik errefusatu zuten erreklamazioa. Bi kasuetan, erreklamatu berriro edo jo auzibidera lehen erreklamazioa jarri zenuenetik edo bankuak klausula baliogabetzat jotzen duen erantzuna eman zuenetik bost urte igaro baino lehen. 5 urte baino gehiago pasatzen badira, ziurrenik ezingo duzu erreklamaziorik egin. Bi epeetako bat ere igaro ez bada, berriro erreklamatzea komeni da, bi hilabeteren buruan erantzun bat eman behar delako; auzibidean, berriz, urtebete baino gehiago egon daiteke dirua berreskuratu ahal izateko.
  • Erreklamazioa egin zenuen faktura guztiekin, eta bankuak zure erreklamazioa onartu zuen, baina 1.000 euro baino gutxiago sartu dizkizute kontu-korrontean. Hori, batez ere, Kutxabankekin gertatu da, lehen azaldu dudan moduan, hasieratik hartu baitzuen bide hori. Kutxabankek edo beste edozein bankuk 1.000 euro baino gutxiago sartu badizkizu, maileguaren dataren arabera, berrikusi itzulketa, ziurrenik dezente gutxiago ordaindu dizulako. Jarri nirekin harremanetan nire helbide elektronikoaren bitartez (gesprest@gmail.com), eta doan esango dizut dirurik falta zaizun edo ez, eta, gero, zeuk erabakiko duzu nola jokatu.

Zer pauso eman behar dira itzulketa eskatzeko?

  • Aditu batek laguntzea gomendatzen da, engainurik ez izateko eta guztia berreskuratzeko.
  • Idatziz aurkeztu behar da erreklamazioa, bezeroarentzako arretaren zerbitzura bulego batean edo internet bidez.
  • Gastuak egiaztatzen dituzten fakturak erantsi behar dira: notarioa, erregistroa, gestoria eta tasazioa.
  • Bi kopia eraman eta bat bankuak data eta zigilua jarrita bueltatu diezazun eskatu; gorde ondo, justiziara jo behar izanez gero baliagarria izango da.
  • Bankuak bi hilabete ditu erantzuteko, baina normalean gehiago luzatzen da.

Hala ere, bi hilabete igaro ondoren, epaitegietara jo daiteke.

Azken gomendio garrantzitsuak

  • Ez sinatu bankuak aurkezten dizun ezer, aurretik zer sinatzen duzun eta horrek zer ondorio dituen ulertu gabe. Normalean, bankuak zuk baino premia handiagoa du sinatzeko. Sinatzen baduzu, adi, milaka euro galtzeko arriskua duzu aholkularitza-zerbitzu batean dirutxo bat ez gastatzeagaik.
  • Ez fidatu presaka sinatzeko eskatzen dizutenean, edo ez badizute eskaintza idatziz ematen lasai aztertzeko. Milaka pertsonek, tartean andoaindar askok, klausula sueloengatik milaka euro berreskuratzeko eskubidea galdu zuten horrela. Eta behin sinatuta, zaila da frogatzea ez zarela ondo informatua izan.

Animatzen zaituztet zuen eskubideak erreklamatzera

Animatzen zaituztet zuen eskubideak erreklamatzera, edo jada ukatu badizkizuete, epaitegietara jotzera. Nik neuk jada salaketa jarri diot nire bankuari eta epaiketaren zain nago. Ez badiegu aurre egiten, erreklamaziorik ez jartzeagatik eurena ez den dirua bereganatzen badute, gu engainatzen jarraitzeko aitzakia ematen ari gatzaie.

Ez da soilik inoiz kendu behar ez zizuten dirua –eta horren gaineko interesak, zure diruarekin irabazi zituztenak– berreskuratzea. Garrantzitsuena da honako mezu hau bidaltzea: engainatzea, orain eta etorkizunean, garesti aterako zaiela.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!