Lan-taldea egonkortzeko egiten ari diren proposamenak ez dira nahikoak. 3.000 lanpostu-kode berri sortu behar dira Osakidetzaren egituran, lanpostu horiek guztiak iruzurretik ateratzeko eta prekarizazioari aurre egiteko, baina, era berean, premiazkoa da langile gehiago kontratatzea, lan-kargei aurre egiteko. Ezin dira onartu Osakidetzak egiten dituen planteamenduak, Mahai Sektoriala informazioa transmititzeko gune bihurtu baitute, mahaiaren beste aldean daudenen harrokeriak gizarte osoaren aurka jokatzen duelarik.
Orain Osakidetzan dagoen zuzendaritzak ez du Lehen Mailako Arreta indartzeko asmorik, hau da, seigarren olatuari aurre egiteko, Osakidetzak betikoa planteatzen du, Lehen Mailako Arreta murriztu edo ixtea.
Kontuan izan behar da orain osasun-sistemaren oinarriak mugitzen ari direla, eta LABek uste du gizartearen interesen aurka egiten ari direla. Osasun-baliabideak kudeatzeko ezartzen ari diren politiken onuradun bakarrak gure osasuna merkantilizatzen duten enpresa pribatuak dira.
Estrategia oso argi dago, ez dute Lehen Mailako Arreta indartu nahi. Mahai Sektorialean egiaztatu dugu enegarren aldiz murrizketa berriak ezarriko direla, eta negoziazio mahaia erabili dute informazio hori emateko.
Argi dago egungo zuzendaritzak ez duela gizarte osoaren osasuna zaintzeko gaitasunik, argi dago egungo zuzendaritzak ez duela langileen baldintzak hobetzeko asmorik, argi dago Osakidetzak ez duela osasun publikoa indartu, eta argi dago gizartea berriro mobilizatu behar dela, ahal bada, gure osasun-eskubidea zapaldu nahi duten politikak geldiarazteko. Osasun-langileok prest gaude politika horiei aurre egiteko, atzo asteazkenez egindako mobilizazioetan erakutsi genuen moduan.