Horrekin batera, salatu beharra dago Espainiako Gobernuak ez duela bere hitza bete, ez baitu 2012an Alderdi Popularrak aldebakarrez inposatutako lan erreforma indargabetu. Ez du agindutakoa egin, ez baitie lan erreforma haren elementu kaltegarrienei buelta eman. CEOErekin Elkarrizketa Sozialaren bitartez urardotutako akordio bat hobetsi dute langile klasearekin hartutako konpromisoa bete beharrean.
Espainiako Gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk adostutako lan erreformak 2010 eta 2012 urteen arteko lan erreformen hezurdura mantentzen du. Langile klasearen pobretzea bilatzen zituzten tresna ia guztiak mantenduko dituzte hemendik aurrera ere.
Bereziki bi elementuk kezkatzen gaituzte. Batetik, negoziazio kolektiboan estatuko marko inposatzailea mantentzen dute eta ez diote segurtasun juridikorik eman EAE zein Nafarroan negoziatzen ditugun hitzarmenei. Euskal Herrian gure negoziaketak egin nahi ditugu langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko, kanpo injerentziarik gabe. Hori da, gure ustez, negoziazio kolektiboan erabakitzeko esparrua izatea, alegia, euskal langileek demokratikoki hautatu dituzten ordezkarien bitartez euren lan baldintzak hobetzeko aukera izatea.
Honekin batera, lan hitzarmen sektorialen prebalentziaren inguruko tranpa salatu behar dugu. Eskatzen duguna lan hitzarmen sektorialak bere osotasunean minimoak izatea da enpresako lan-hitzarmenen gainetik, ez bakarrik soldatetan, elementu guztietan.
Eta, bestetik, langileen kaleratze prozedurak ez dituzte aldatu. 2012an kaleratzeko objektiborako kausak izugarri lausotu ziren, kaleratzea merkatu zen, administrazioaren kontrola ezabatu zuten eta tramitazio soldatak kendu zituzten. Horrek guztiak bere horretan jarraitzen du. Kaleratze erraza langileentzako prekarizazio eta ziurgabetasuna eragiteko tresna da eta horregatik ezarri dio patronalak betoa honen aldaketari.
Gainera, eskubide berriak lortzeko aukera galdu da, eta bereziki larria da erreforma horrek ez jasotzea Etxeko eta Zaintzako Langileak gainerako langileekin erabat parekatzeko aukera, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorretik kanpo utzita eta oinarrizko eskubiderik ez duten egoera bati eutsita, hala nola greba edo langabezia
ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek manifestazio bateratuak egingo dituzte `Lan Erreforma honi, ez´ lelopean:
- Urtarrilaren 30eko lau hiriburuetako mobilizazioek beste aldarrikapenak hauek izango dituzte: Lan harremanen euskal esparrua bermatzea eta kaleratze errazak ezabatzea.
- Lan Erreformaren bozketaren bezperan, lantokien aurrean elkarretaratzeak egingo dira.
Era horretan, Laneko Arriskuen Prebentziorako Legetik kanpo utzi dituzte, beste behin ere, langile horiek guztiak.
Era berean, erreformak ez du bermatzen azpikontratetako langileek enpresa nagusikoek dituzten eskubide berberak izatea, eta ez da lortzen lan beragatik eskubide berberak izatea bezain oinarrizkoa den zerbait.
Lan erreforma hau oso larria da. Elkarrizketa Soziala aitzakia izan da hitza ez betetzeko. CEOEri beto eskubidea eman diote, hobekuntza txiki batzuen truke 2012ko lan erreforma berriro ere konbalidatu dadin, hemendik aurrera sakoneko aldaketak egiteko aukerari muzin eginez. Horregatik, 2010 eta 2012ko lan erreformak erabat derogatzea eskatzen dugu eta, bereziki, lan hitzarmenen estatalizazioa eta kaleratze erraz eta merkeak ahalbidetzen dituzten puntuak.
Horrekin batera, Euskal Herrian lan harremanetarako esparru propioa eratzeko urratsak egin behar da. Euskal langileon lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak Euskal Herrian hartu behar dira, ez Madrilen. EAE eta Nafarroako instituzioei eskatzen diegu ikusle soila izateari utzi eta lan harremanetarako esparru propioaren aldeko pausoak ematea.
ELA, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru eta LAB sindikatuon iritziz langileen lan baldintzak hobetzeko tresna nagusia mobilizazioa da, eta horregatik dei egiten diegu euskal langileei urtarrilaren 30ean berriro ere Euskal Herriko hiriburuak bete ditzagun. Hortik aparte, Kongresuan Lan Erreformaren dekretuaren bozketaren bezperan lantokien aurrean elkarretaratzeak ere deituko ditugu.