Atzo, abuztuak 8, Oreretako Goiko Kaleko etxebizitza bateko eraberritze lanetan 49 urteko langile bat hil zen, aldamio baten zama-igogailuaren hutsunetik erorita, 4. pisu batetik. Kapitalismoak eragindako beste lan heriotz bat da hau, beste familia bat birrinduta, beste drama sozial bat. Goizean lanera joateko jaiki eta etxera itzuli ezinik.
Ditugun datuen arabera, nahiz eta aldamioaren egitura eta muntaia legez araututakoa izan, barnean daraman zama-igogailuak ez zuen babes perimetralik. Ohikoa da egoera hau, kanpora begirako babesak jarrita egotea eta barnera begirakoak ezabatuta. Prebentzioaren beraren paradoxa. Itsurakerian oinarrituriko sistema da eta urtero emaitzek hori bera berresten dute.
Gainera, kasu honetan, hildakoa bera, obrako hormaren garbiketa lanean ziharduen langilea, “errekurtso prebentibo” bezala izendatua zegoen. Urteetan argi eta garbi aldarrikatu dugu errekurtso prebentiboaren funtzioak soilik segurtasun neurriak betearaztekoa dela; patronalak, ordea, obrako edozein langile izendatzen du errekurtso prebentibo gisa, ardura hori desitxuratuz. Honela, arau guztiak apurtuz, inork ez ditu lan osasunerako neurriak betearazten eta istripu eta hilkortasun maila izugarri hauek betikotzen dira.
Non daude Osalan eta Lan Ikuskaritza? Zer dio Eusko Jaurlaritzak ardura berea izanik? Beti bezala, ezer ez. Badirudi hildako langileen bizitzek ez dutela euren interesa pizten, edota beste “udarako albiste” batzuk erabili nahi dituztela anabasa estaltzeko.
Bestalde, lan heriotzen sarraskiak gaurko eguna ere kolpatu du. Bart, trafiko istripu larri baten ondorioz, garraiolari bat hil eta bere laguntzailea larriki zauritu da AP-8an.