LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek osaturiko intersindikalak elkarretaratzea deitu du datorren astelehenerako, hilak 29, Donostian, Andia kaleko 13. zenbakian kokaturiko Eusko Jaurlaritzaren eraikinaren aurrean.
Aurten dagoeneko 36 pertsona hil dira lanean zebiltzala Euskal Herrian, eta LABek azaldu duenez, garraioaren sektorean bereziki handia izaten da istripu hilgarrien kopurua. Sindikatuak behin eta berriz
salatu du lan-baldintza prekarioak daudela ezbehar horien atzean. Alde batetik, patronalak ez ditu lan-arriskuen prebentzioari buruzko araudiak betetzen; bestalde, administrazioaren utzikeria dago, ez baitu beharrezko baliabiderik jartzen ez neurririk hartzen enpresek prebentzio-arau horiek beteditzaten.
Egunotako muturreko beroa aintzat hartuta, gainera, are premiazkoagoa da prebentzio neurriak indartu eta zorrotz betetzen direla egiaztatzea. Izan ere, osasun arazoak izateko arriskua handitu egiten
da halakoetan. Aldiz, patronalari mozkinak langileen osasunaren gainetik jartzea ahalbidetzen dioten instituzioek halakoak zaintzeko ipintzen dituzten baliabideak, argi eta garbi, eskasegiak dira. Argi ikusi
da hori aste honetan, hainbat izan baitira bero-kolpeekin lotutako gertakariak sektore ezberdinetan.
Egoera hori onartezintzat jo du LABek, eta gogorarazi du bero handiaren aurrean enpresek protokoloak aktibatu behar dituztela, eta beharrezkoa bada lan-jarduera eten egin behar dela.