Zergatik egingo dugu greba?
Ez gaudelako prest bizitzaren prekarizazioa eta pobretzea onartzeko, eta etxebizitza langileok pobretzeko arrazoi nagusietako bat delako, soldata kaskarrekin batera. Egoera iraultzeko, sakoneko aldaketak behar ditugu, eta horiek aldarrikatuko ditugu. Euskal Herrian badira baldintza objektiboak eta subjektiboak egiturazko aldaketak eragiteko.
Eskuin muturraren agendaren aurkako greba ere izango da?
Bai. Izan ere, bete-betean bizitzen ari gara talka bat: batetik, sakoneko birbanaketa politiken, gehiengoen interesen, eskubideen zabalpenaren, eta, oro har, bizitzaren aldeko defentsa; eta, bestetik, pribilegiatuen, errentismoaren, negozioaren eta kapitalaren agenda erreakzionarioa. Talka horretan, etxebizitza eskubidearen eta soldata duinen aldeko borroka ez da bizi baldintza duinen aldeko borroka bakarrik; agenda erreakzionarioari aurre egiteko errezeta ere bada.
Nori zuzenduko diogu greba?
EAEko eta Nafarroako gobernuei eta patronalei. Madrilen higiezinen patronalarekin lerratu dira EAJ eta UPN. Bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Hego Euskal Herrian etxebizitzaren eskubidearen eta gutxieneko soldata propioaren aldeko neurriei bizkarra eman diete. Horregatik, batetik, EAJri eta UPNri exijituko diegu Madrilen zein Euskal Herrian langileen prekarizazioan sakontzen duten neurriak ezartzeari uzteko, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatuko diegu langileei bizkarra ematen dieten neurriak ezartzeari uzteko, eta langileen aldeko politikak ezartzeko.
Bestalde, lan eremuan patronalak langileon prekarizazioa betikotzen jarraitzen du, eta uko egiten dio hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari, eta, etxebizitzaren eremuan, higiezinen patronalak langileon bizitzen kontura aberasten jarraitzen du. Haiei ere egingo diegu greba.
Zer neurri eskatuko dizkiegu gobernuei?
Soldatei dagokienez, bertako errealitatera egokitutako soldata duina ezartzeko; 2026an, gutxienez, 1.500 eurokoa. Horrez gain, erosahalamena mantenduko duten soldata igoerak eta soldata arrakalekin amaitzeko egiturazko neurriak eskatuko ditugu, baita soldata mantenduz lanaldi murrizketak ezartzea ere.
Etxebizitzari dagokionez, errentismoarekin eta negozioarekin amaitzeko egiturazko neurriak exijituko ditugu: alokairu kontratu mugagabeak; alokairuen prezioak jaitsi eta merkatuan esku hartu; etxegabetzeekin amaitu; funts putreak desjabetu eta Euskal Herritik kanporatu; espekulazioa debekatu; eta parke publikoa defendatu eta handitu.
