Ez da erraza izango zaintza lanean emakumeok* dugun rola ikusirik, dena alde batera utzi eta 24 orduz indarkeriari, parekidetasun ezari, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierarkizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei aurre egitea.
Hala eta guztiz ere, ahal dugun oro aterako gara kalera argi eta ozen bizitza erdigunean jartzera. Gainera, kontuan hartu beharra dago lan mundutik haratago doan prekarietateari aurre egiteko, urteko 365 egunetan borrokatu beharra dugula; norberak bizi duen espaziotik abiatuz, erantzukizun kolektiboa exijituz, emakume* ororen bizitza jasangarria lortu ahal izateko. Ditugun helburuak lortu ahal izateko elkarren beharra dugula onartzea ezinbestekoa da.
Amasa-Villabonaren kasuan, Martxoak 8ari begira gauzak antolatzeko herriko emakume* oro deitua dagoen Asanblada feminista dago aktibo, baina urtean zehar lanean dabilen talderik ere badago. Esaterako, Lurgatz Talde Feminista dugu egunerokotasunean sistema heteropatriarkal kapitalistari aurre eginez.
Azkenik, emakumeok* elkarlanean aritzeko espazioaren beharra exijitzen ari gara, zeinak, gaur egun ditugun beharrak asetzeko hainbat ekintza zein jarduera aurrera eraman ahal izateko aukera emango lukeen.
Gaur gaurkoz, Lurgatz Taldeak Amasa-Villabonako Udalaren partetik ez du eskuartean ezertxo eta hala ere, kalean izanda ere, ekintzak aurrera eraman ahal izateko gai izan da eta jarraitzen du izaten. Honek helarazten digu zenbaterainoko beharra dagoen emakumeok* batu eta elkarlanean arituz, sistema honi aurre egiteko. Nahiz eta borrokan zehar hainbat oztopo izan, Lurgatzek ez du geratzeko asmorik eta Udalarekin edo gabe, lanean jarraitzeko asmoa du.
Honelako kasuak ez dira kasu aislatuak. Talde feministak Udalarengandik jaso dituen gutxiespen jokabideak txoko ugaritan ditugu ikusgai.
Emakumeok* ezjakintzat eta lelotzat jo izan gaituzte baina hori kontrajarriz, martxoaren 8an argi utziko dugu emakumeok* geratzen bagara, dena geratzen dela. Gehigarri, zapalkuntza desberdinek gurutzatzen gaituzte eta horren aurrean saretze feminista ehunduko dugu.
Beraz, argi gera dadila kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari eta kapazitismoari planto egitera goazela eta zaintzaren berrantolaketa soziala aldarrikatzearekin, paktu sozial berri bat eskatzen dugula.