Koronabirusa

Kazerolada Osasunaren Nazioarteko Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Lurgatz 2020ko api. 7a, 09:17

Amasa-Villabonako Lurgatz talde feministak honako idatzia zabaldu du Osasunaren Nazioarteko Egunean:

Apirilak 7 Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu eta lehenik eta behin burura datorkigun hitza, Koronabirusa da. Hala ere, ez da bizi dugun egoeraren erantzule bakarra eta gaurkoan, pribatizazioa jarri nahi dugu lehen lerroan.

Espainian zein Hego Euskal Herrian dugun osasungintza urteak joan ahala pribatizatzen joan da osasungintza publikoaren inbertsioa jaitsiaz. Tolosaldean Asunción Klinikaren kasua dugu, TOPA plataforma urtetan salatzen ari den kasua. Bada 2004. urtetik Madrilen osasun publikoaren pribatizazioaren aurka lanean diharduen medikuez osatutako mugimendu soziala eta argi helarazten du eskuartean dugun baliabide eskasiak eraman gaituela gaixotasun horrek muturreko egoerara.

Hego Euskal Herrian gure osasungintzako langileak ahal duten guztia egiten ari dira, baina baliabide material eskasiak ez die nahi duten lekura iristen uzten eta egunerokotasunean arriskuan aurkitzen dira. Beste hainbat lurralde aztertuz gero, esaterako, Alemania, guk geuk baina askoz ere kalte gutxiago pairatu dituzte baliabide gehiago izatean.

Hori guztia, sistema kapitalista honetako pertsona oro ari da kolpatzen baina esan beharra dago emakumeok* egoera lazgarriagoa bizi dugula. Emakumea* zaintzaren alorrean nagusi izanik, kalte handiagoa eragiten dio pribatizazioak, bera baita etxe zein familia gehienetan zaintzaren arduradun. Gainera, nahikoa ez zaintzak dakartzan krisi egoerei aurre egiten eta orain egoera okerrera biderkatu da.

Beraz, apirilaren 7an publikotasuna eskatzeko eta pribatizazioa salatzeko 20:30ean balkoietara atera eta kazerolada bidez, zalaparta ateratzeko deia egiten dugu. 

OSASUNA DEFENDATU EGITEN DA, EZ DA SALTZEN!

PRIBATIZAZIORIK EZ, PUBLIKOTASUNA ORAIN!

Tolosaldeko Asanblada Feminista

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!