Datorren martxoaren 24ean Lurgatz Talde Feministak “Espetxeak apurtu! Eta bortxatzaileak…” mahai-ingurua antolatu dugu. Honako hau, pasa den urrian gauzatu zen “Emakumea*, espetxea, zaintza” mahai-inguruaren jarraipena da eta orduan ateratako ondorioak hausnartzen jarraitzea du helburu.
Argi geratu zen espetxeak pertsonon eskubideak urratu eta duintasuna kentzen duela. Honekin batera, kalean bizi dugunaren islada dela eta matxismo hegemoniko eta erasokorra bultzatzen duela. Era berean, birgizarteratzea inondik inora ez duela bideratzen azpimarratu zen eta espetxeak irauli ezean, ez garela libre izango.
Mahai-inguru honetan, behin espetxeak mugimendu feministan kabidarik ez duela ondorioztatuta, bizi dugun justizia sistemaren alternatibak hausnartzeko asmoa dugu. Mugimendu feminista gaia lantzeko formakuntzaren beharretan aurkitu gara eta izango ditugun hizlariekin, eskuartean dugun errealitatea aztertzetik haratago, topa ditzakegun beste hainbat eredu aipatuko dira, beste hainbat txokotako esperientzien berri izanik.
Justizia sistemaren alternatibetatik haratago, mugimendu feministari indarkeria matxisten kasuetan nola erantzuten den sakontzea oso garrantzitsua zatzaigu. Kontutan hartu behar da delinkuentzia despolitizatu ohi dela eta bizi dugun sistemak erantzukizun indibidualeko ekintza gisa definitzen duela indarkeria matxista. Gure nahia ordea, komunitate mailan lan egitea da eta kolektiboki arituaz ahalduntzea.
Eskuartean, Emakumeen Mundu Martxak 2017n kaleratutako Indarkeria Matxistaren aurkako protokoloa dugu eta bertan, erasoen aurrean erantzuteko hainbat puntu ageri dira. Hauetatik haratago, erasoen aurrean puntu gehiago hausnartzeko beharra ikusten dugu eta jasoko dugun formakuntzari ezinbestekoa deritzogu. Azken finean, biktimari babesa zein elkartasuna emanez berriro ez gertatzeko bermera iristeko nahiarekin, aitortzari eta erreparazioari heldu ahal izateko, izan ditzakegun baliabideez informatzearen beharra ikusten dugu.
Honen guztiaren aurrean, justizia feminista baten eta errealitatearen artean alde handia dagoela esan beharra dago. Bizi dugun sistema heteropatriarkal, arrazista, kapitalista eta kolonial honetan sentitzen den amorruaren edo mendeku gogoaren aurrean, espetxe zigorra ezartzea etorri ohi da burura. Beraz, hezurretaraino sartua dugun diskurtsoa deseraiki eta gatazken ebazpenerako beste bideak eraiki ahal izateko, ezinbestekoa zaigu hausnartzea.
Honetarako aukera izango dugu Libertad Francés Lecumberri, Garbiñe Biurrun Mancisidor, Ainhoa Narbaiza, Marta Luxán Serrano eta Larraitz Ugarte Zubizarretarekin asteazkenean arratsaldeko 18:00etan Billabonako Gurea zineman.