Pixkanaka, sistema aldatzera bidean zein urrats eman definitzen ari gara. Urteak daramazkigu esaten: Bizitza duinak eraikitzeko, bizitzak zaintzea ezinbestekoa da.
Baina, zainduen egoera eta lan hori erabat isilpean edo ikusezin mantentzeko interesa dute batzuek; lan horiek soldatapetik zein lan erregimen orokorretik kanpo utziz, negozio egiten baitute. Horrela, zaintza lanak emakumeen, eta geroz eta gehiago emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan.
Horregatik eta luze zerrenda ditzakegun beste arrazoi ugarirengatik, jendarte osoari eragiten dion afera delako, Greba Feminista Orokorrerako deia egin dugu: pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta arreta duinarekin, integralarekin zainduak izateko eskubidea aldarrikatzeko.
Denon Bizitzak Erdigunean prozesuarekin jauzi politikoa eman nahi dugu; bizitza duinez hitz egiten ari gara, nork, nola eta zergatik zaintzen duen eztabaidaren erdigunera ekarriz.
Zaintza lanak aitortzearen eta banatzearen ezinbestekotasuna adierazi nahi dugu. Horretarako zaintza langileen baldintza justuak lortu behar ditugu lehentasunez.
Instituzio ezberdinak eta zaintza lanekin negozio egiten ari diren enpresak bizi dugun egoeraren erantzuleak izanik, pribatizazioarekin eta zaintza lanen merkantilizazioarekin behingoz amaitzea exijitzen dugu. Zaintza sistema publiko duin bat lortzeko urratsak ematera goaz!
Honen harira, Tolosaldeko Mugimendu Feministak Tolosaldeko udalerri guztietan aurkeztuko duen mozioa onartzeko deia egiten diegu udalei: “Euskal Herriko Mugimendu Feminista aspalditik salatzen ari zena azkartu zuen pandemiak, eta zaintza krisia azaleratu eta azkartu egin zen urte horietan. Egoera ikusita, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak zaintza sistema iraultzeko prozesua abiatu zuen 2022. urtean, eta 2023ko azaroaren 30ean greba feminista orokorra egitea erabaki dugu zaintza eskubide kolektiboaren alde.
Testuinguru horretan, Udalari eskatu nahi diogu 2024.urterako aurrekontu sailetan onar dezala konpromiso hau betetzeko behar den diru partida, eta egikaritu dezala honako eskaera hau:
Udalak zaintza sistemaren diagnostiko erreala eta osatua egitea, eta horri erantzungo dion zaintza plan feminista eta integral bat osatzea urtebeteko epean. ”
Hitz hauetaz gain, beste hainbat aldarrikapen baditugu eta horiek urriaren 7an Hernanin egin zen agerraldian helarazi ziren; Herri Akordioan. Honen oinarria sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gainditu eta guztion bizitzak erdigunean jarriko duen euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioa definitzea da.
Gizonak ere ezin aipatu gabe utzi, haiei ere dagokien ardura hartzeko exijitzen diegu eta prozesu honetara batu daitezen. Greba Feminista OROKORRA izango da azaroaren 30ekoa, Mugimendu Feminista, eragile sozio-sindikalak zein euskal herritar oro kalera batera aterako gara.
Hemendik aurrera, herrietako greba komiteetara batzeko deia luzatzen diegu Tolosaldeko herritar guztiei. Batu asanbladetara eta mobilizatu!