2024

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Eskudero (Lurgatz) 2024ko mar. 11a, 07:55

Iritzi artikulua idaztearen aukera suertatu zaidan honetan, gaia M8 eta feminismoa izanik, segituan etorri zait burura zertaz idatzi. Zaintza jarriko dut erdigunean eta horretarako orri bat dudala kontuan izanik, gizonak izango ditut hizpide. Hain zuzen, duela gutxi gizon baten ahotan jaso nuen jarraian aipatzera noana zabaltzearen beharra ikusten zuela.

2023. urtea ezinbestekoa zait aipatzea, non, azaroaren 30ean Greba Feminista Orokor historikoa izan genuen. Euskal Herriko Mugimendu Feministatik, Bilgune Feministak zein Euskal Herriko beste mugimendu feminista ugarik indarrak batu eta saretuz, ekintza aurrera eramatea lortu zuten gehiengo sindikalaren babesarekin. Greba orokorra izanik, emakumeez* gain, gizonezkoak ere egon ziren presente zein at eta oso esanguratsuak izan ziren gizonekin izan ziren harremanak. Bertan profil desberdinekin egin genuen topo: gaia beraiekin ez doala esaten zutenetatik gaia landu beharra dagoela ziotenetaraino.

Greba azaroaren 30ean izan zen arren, 2023a zaintza lanak ikusarazteko urtea bezala izendatuko nuke. Lanketa ez da egun batean zentratzen eta egunak bezain besteko garrantzia du prozesuak. Eguna iristerako, zaintza beraiekin ez doala dioten gizon askok ezin izan zuten ordurarte bezala ez ikusiarena egin, zeren greba egin behar zuten ala ez esan behar baitzuten. Orduan, beraiek horretarako ez direla jaio zioten gizonak agertu ziren, baina ez denak. Batzuek, beraiek laguntzeko prest zeudela zioten. Laguntzeko prestutasun hori, grebaren harira izan zitekeen, non, lidergotza mugimendu feministak zeraman baina esan beharra daukat orain arte ere jarrera bera izan dutela askok. Esaterako, etxeko lanak egiten laguntzen dutela. Baina argi eta ozen esan behar diet beren egunerokoan izan beharko luketen funtzioa ez dela laguntzea, baizik eta beren betebeharrak betetzea.

Bizitza erdigunean jartzeko garaian, ezinbestekoa da aipatzea denok ez dugula posizio bera. Beraz, leku desberdinetan egonik, ez ditugu eginbehar berdinak izango. Aukera-berdintasun batetara heldu nahi badugu, zaintza lanak banatu behar ditugu eta batzuek motxilako harriak hustutzearekin batera, beste batzuk bete egin beharko dituzte. Bizi dugun sistema heteropatriarkal kapitalistan emakumeok* gizonek baino kalte handiagoak pairatzen ditugu eta emakume* arrazializatuek oraindik eta gehiago. 2024an egonik, gaiarekin jarraitzea dagokigu; prozesuak hor darrai. Emakumeok* lanean jarraituko dugu bereziki emakumeon* eskubideak aldarrikatuz, gizonak zein instituzioak interpelatuz, baina kontutan izanik, zaintza partekatzeko prestutasuna duten gizonak ere badaudela eta borrokan jarraituz, eskailerak pittinka igoaz, hainbat helburutara heltzeko bidea egiterik badagoela. Emakumeok*, hurrengo pausoa, 2024ko martxoaren 8a izango dugu eta bertan ere zaintza erdigunean jartzen jarraituko dugu ikusi nahi ez dutenei ikusarazten eta eraldaketarako bidea eginez. Gizonei dagokienean, dei egiten diet hausnarketarako beraien espazioak zabal ditzatela, maskulinitate toxikoa lantzeko espazioak dauden antzera, ez daitezela beren isiltasunetik konplize izan eta eutsi diezaietela zezenari adarretatik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!