Hor ditugu aurrekariak: Moises San Joseren Andoaingo 1950eko hamarraldiko erakusketa, Andoain 1615-2015 argazki liburua, Itxaso Mendiluzek emakumeen ingurukoa antolatu zuena... Argazkiak erakusteak arrakasta ziurtatzen du, baina Truchuelo anaien azken erakusketarekin gure aurreikuspen onenak gainditu dira.
Andoaingo Udal Artxiboko Fototekan egiten dut lan; gustoko dudan lana da, atsegina, baina baita zaila eta zorrotza ere. Negatiboz negatibo digitalizatu, zenbakitu, deskribatu... eta erakusketa prestatzeko beste pausu bat gehiago eman behar zen. Eta hori zailena zen: aukeraketa egitea.
Irudiak ez dira ausaz hartu, baina era berean horrek berak zenbait argazkiei balio erantsia eman die, orain dela gutxi desagertu diren bizilagunen kasuan. Andoaindarrak gure objektiboaren protagonista izan dira, Andoain egiten dutena, Andoaini bizia ematen diotena. Nire familia ere, andoaindarra izanik, protagonista bihurtu dut, eta ni neu ere argazkien artean ezkutaturik aurkitzen naiz.
Erakusketa egin izana oparia izan da. Jende askok zorionak eman dizkigu, egin diegun "opariagatik" eskerrak emanez. Emilio gure aitak eta osaba Ramonek oparitu ziguten altxorrari zelofanezko papera jartzearen parekoa izan da erakusketa antolatzea. Etengabea izan da jendearen joan etorria Basteroko gelara hilabete luze honetan. Andoaindarrak irudien aurrean jarri eta irribarreak, oroitzapenak eta solasaldiak sortu dira... Kalean entzun da "erakusketa ikusi al duzu?" Ume batek oparia irekitzean ipintzen duen sorpresazko aurpegiaren parekoa.
Behin, aita eta biok Bastero erakusketa gelan geundela, neska gazte bat hurbildu zitzaigun eta aitari esan zion: "Emilio, begira, konturatzen al zara jende pila biltzea lortu duzula?" Oparirik hoberena partekatzen dena da.
Familian egindako lana. Irekiera ekitaldia egin zen egunean urduri nengoen. Urduritasuna zalantzak jota, publikoaren erantzunagatik baina baita nire familiaren harreragatik ere. "Bikaina!", nire aita bezalako pertsona zorrotz baten ahotan entzutea oparirik hoberena izan zen. Urte luzez Andoainen “Truchuelo” aipatu eta argazkilaritzarekin lotzen genuen; gaur egun nire familian argazkilariak beste batzuk dira: Maddi eta Rober, nire anai-arrebak, eta Nerea eta Miren, nire lehengusinak. Ni neu argazkiekin lan egiten dudana naiz: eskaneatu, katalogatu, gorde eta kontatu: 1.000 iruditik gora erakusketa honetarako. Eta lehen astean 1.500 bisitalditik gora zenba dezaket.
Zenbakiak kontutan hartu beharrekoak dira, hainbat istorio labur kontatzen dizkigutelako: Andoaingo istorioak ia berrogeita hamar urtean zehar. Hautatzea lanik zailena da, baina aukeratzekotan argazki pare bat gogoan gordeko nituzke: erakusketa aretoko sarreran familia guztiarekin atera genituenak, eta album baten inguruan –hainbat oroimen partekatuz– andoaindarren irudiarena.