—Baina, praktikoak izanda, laztana… egoera ekonomikoa ez da dena. Etorkizunari begira, familiari… jar gaitezen hori guztiari begira… —moztu zion mutilak.
—Etorkizuna daukat buruan, horixe! Orain, gazteak garela oraindik…—xuxurlatu zion neskak.
—...Gazteak garenez, orain... orain ekin behar diogu. Noiz bestela? Urteak aurrera doaz, maitea… —xume erantzun zion mutilak.
—Urtebete… urte bat besterik ez dizut eskatzen eta lanari ekingo diogu— neskak eztabaida itxi nahian gehitu zuen: —Zein obra da hau? Kanona?
—Ez “Toccata and Fugue”, Bach-ena —argitu zuen mutilak—. Entzun, entzun. Ikusgarria. Adi egon. Organo joleak hiru pentagrama batera irakurri eta dagozkion hiru teklatuetan jotzen du, hauetako bat oinpekoa da, oinekin ere jotzen du eta! Hirurak batera, ikusten? Hiru! Seinale bat da!
—Tira, tira… ikusgarria… Neretzako betiko pianoa, bi eskutara, ondo koordinatuta, armonian… zergatik sartu kanpoko hirugarren elementu arrotza? —defendatu zuen neskak.
— Ihes egiteko saiakera ona, entzuten ari garen "fuga" edo ihesa bezalakoa, baina…
—Bai, jarrai ezazu gaiarekin… Isilik egon! Shhh… Begiraiozu! Eta lasai-lasai dago… Ez al du itzaliko? —adierazi zuen neskak alboko gizonari gaitzespen begirada zuzentzen zion bitartean.
****
Bere agurra zen. Bere despedida handia. Apartekoa, ezin hobea izan behar zuen. Maisua organoaren aurrean eseri zen. Azkeneko aldiz tutu, tekla eta oinpeko beteriko eraikin dotore eta handi horren gidaria izango zen. Cavaillé-Coll organo nagusi horren kapitaina. Partiturak hartu eta kontu handiz atrilaren gainean ipini zituen. Elizaren erdiko eserlekuetako zurrumurruak baretu egin ziren eta soka, metal eta haizez eginiko instrumentu erraldoi hura zakar esnatu zen. Organo jolearen begiak pentagrama batetik bestera korrika zebiltzan. Bere hatzek, arin eta jakintsu, teklatu eta botoien zabaleran hegan egiten zuten, eta maisuaren oinek obra handi horren notekin batera dantza egiten zuten. Bach-en “Toccata and Fugue” obra bereizten duten arpegio indartsu eta eskala azkarrak organoaren tutuen bidez, irmo, arnasa hartzen zuten. Bizitasuna handitzen zen heinean, interpretazioaren abiadurarekin behatzak eta teklak bat ziren, konposizioaren “crescendo”arekin batera. Soinuaren erraldoi hura maisuaren aginduen menpe zegoen. “Fugue”ren lehen konpasa jotzeari ekin behar zionean auditoriotik zetorren soinu batek musika-arkitektura galant hori suntsitu zuen. Erraldoia, suminduta hasperen egin eta gero, isildu egin zen.
****
“Kontzertua bukatu ondoren pilulak hartu behar ditut. Kontzertua bukatu bezain laister pilulak hartu behar ditut, hutsik egin gabe. Ziur. Hiru pilula. Pilula gorria, pilula berdea eta pilula zuria. Aurrena, pilula gorria, gero, pilula zuria… Ez, lehenik berdea, gero zuria… Ez… aurretik gorria, pilula zu… Zuria? Bai, bai… zuria, berdea eta gorria. Bai. Hiru pilula. Hirurak. Hirurak batera. Beno… Hobe ohartxo bat idazten badut… ho-rre-la. Eginda! Eta bikote hori hitz egin eta hitz egin… organo kontzertu batean gaudela! Sonotone-ari bolumena igoko diot, ez baitut elkarrizketa entzuten… ho-rre-la… “Toccata and Fugue” al da? Kontxo! Asmatu dut, bai… “Toccata and Fugue”… Ederra! Zeinen ondo jotzen duen! Baina… ez dut ezer entzuten. Sonotone madarikatua… Baina… ez da entzuten… bukatuko al zen kontzertua? Ene! Baina… txalorik ez? Eta… niri begira guztiak? Kontxo…, eskuko telefonoa…, Ea ba…, Ohartarazpen mezua. Kontxo! Hiru aldiz jo ote al du dagoeneko? Ai, sonotonea. Ea ba, oharra… A, bai! Kontzertua bukatu ondoren pilulak hartu behar ditudala”.