Hilabeteak sagardotegira joan gabe, upeletara gerturatu gabe. Bertako giroaz gozatu gabe. Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak epaia atera, eta, hara! Andoaingo Gaztañaga eta Mizpiradi sagardotegiak korrika bizian hasi ziren lanean. Herritarrok nahi dugunean ere, azkar batean mugitzen gara –kar, kar–. Aitortu zidaten sagardotegia ireki baino lehen ia jantokia betetzear zegoela. Gogo faltarik ez zegoen, gazteen, helduen eta langileen artean.
Nire kasuan, Gaztañagara joan nintzen; ordurako lekurik ez zegoen; Mizpiradin antzera. Horrenbeste egun lan egin gabe egon ostean, ezinbestean, poztasunez bete zituzten jantokiak. Eta herritar ugarik pentsatuko dute, garai zail hauetan sagardotegira? Bada, nik, bertatik bertara ikusita, segurtasun neurriak modu egokian bete ziren. Zera esan nahi dut, mahaiak lauko edo gutxiagoko taldetan, txotx egitera ezin altxa eta elkarren artean distantzia nahikoa. Dena dela, bertaratutakoak pozik, alai, aspaldian ez bezala.
Esanak esan, nork pentsatuko luke, duela urtebete, trikitixa eta pandero gabeko sagardotegietara joango ginenik. Bertso-afariak egiteari utziko genionik. Segurtasunagatik upelak itxiko zituztenik. Pertsonalki arraroa eta tristea iruditzen zait. Baina segurtasuna da garrantzitsuena. Azken finean, egokitu ala hil! Egunotan tabernari eta komertziotako langile askok buruan edukiko dutena. Ez dabiltza oker, garai ilunari begira.