Larunbatak asteko egun berezienak izan ohi ziren; bazkariak, afariak, parrandak eta aurrez hitzartutako kontzertuak. Orain, modu batera edo bestera, “parrandak” edota bazkariak egin, egiten dira. Baina kontzertuak? Galzorian dagoen kultur diziplina da. Galzorian? Bai, galzorian. Lehen, gutxi babesten zen kultura, baina pandemiaz geroztik, okerrera egin du egoerak. Kulturaz ari naizenean, ez ditut soilik gogoan kontzertuak, filmak edota antzerkiak; baizik eta guztia biltzen duen zakuaz ari naiz: beste askoren artean, aktoreak, makillatzaileak, musika eta argiteria teknikariak, garraio lanetan aritzen direnak. Are okerrago daude kultura-arloan modu ez-profesionalean aritzen direnak. Basamortuaren erdian urik gabe utzi balituzte bezala.
Kultura jendarteko zutabe garrantzitsua da. Ezinbestekoa. Goi agintariek badakite hori. Edo ez. Izan ere, ezer gutxi egiten dute laguntzeko. Beraz, beharrezkoa da elkar laguntzea, elkar babestea eta elkar sostengatzea. Hori da, urteetan gune autogestionatuek eta antolatzaile alternatiboek egin dutena.
Goraipatzekoa da, egoera epidemiologiko kaskarra bizi dugun arren, kultura sustatzeko Andoaingo Gaztetxeak egin duen esfortzua. Talde txikiei ahotsa ematen die. Azken Sustraiak taldeari, urtebeteren ostean, aukera bat luzatu zaio. Taldeak biziki eskertu zuen, eta, zer esanik ez, emankizunaz gozatu zutenei.
Taldeak bi kontzertu eman zituen, eta biak normaltasunez egin ziren arren, nabarmendu behar dut ez dudala ulertzen Ertzaintzaren bertaratzea. Lehen saioa amaitu ostean agertu ziren, baina zer dela eta? Izan ere, segurtasun neurriak zorrotz bete ziren.
Esanak esan, Azken Sustraiak taldearen bigarren emanaldia entzutera joan nintzen. Sartu bezain pronto, sarrera jaso eta telefono zenbakia eskatu zidaten, koronabirusa medio. Segituan, bertako arduradunak eseritzeko eskatu zidan, eta komunera joan ezean, aulkitik ez mugitzeko gogorarazi. Gutxinaka, herritar gehiago bertaratu ziren; nork bere lekua hartu eta ia kontzertu osoan ez zen mugitu. Amaieran, launaka irten ginen, multzokatzeak ekiditeko. Antolakuntza, hamarrekoa.
Entzun, arren. Kulturak geure babes guztia behar du. Izan ezagun edo ezezagun. Goikoek babesten ez badute, behekoek sostengatuko dute. Ea apurka ohartzen garen, beste arlo askorekin batera, kultura ere ezinbestekoa dela.