Urteko egunik gogoangarrienak izan ohi ziren; kuadrilla guztietan sortzen ziren pasadizoak eta lagunartean soilik kontatzen ziren bitxikeriak. Bada, beste urtebetez ezingo dugu lagunartean normaltasunez elkartu, Bekoplazako lupetzean urte osoan gordetako oinetako zaharrak zikindu, tabernaz taberna igaro, gaupasaz Tahonara gosaltzera joan edota txosnak itxi baino lehen Flying Free abestu. Datorren urtean, euria ez egiteko desiatu beharrean, musukorik gabe lagunartean ibiltzeko nahia azalduko dugu.
Ez kezkatu, hurrengo urtea normaltasunera itzultzeko urtea izango da. Berriro ere elkartzeko, bazkaltzeko, afaltzeko eta bidaiatzeko urtea. Gutxinaka aurrera goaz, oso astiro, baina bagoaz. Goikoek hitzemandakoa betetzen dutenean, berriro ere ametsetako Santakrutzak ospatuko ditugu. Behar den bezala. Bitartean, sare sozialetan urteak atzera argitaratutako argazkiekin konformatu beharko dugu, oraingoz. Hortaz, esan dezakedan gauza bakarra, zera da… Animo eta eutsi horri!