Egia esan, ez dakit oso ondo nola hasi artikulua eta nola deskribatu kontzertua. Denbora neraman Arrotxapekoak entzuteko gogoz; gutxi gora behera, agerpen eta idatzi polemikoak egiten hasi zirenetik, badakizue, morboa-edo. Eta noski, promozionatzeko modu ona dute, sare sozialak baliatuz.
Eguna iritsi zen, ostirala, ilara luzea Ondarreta ikastetxeko sarreran eta gehiengoak kanpokoak. Gogo handia nabari zen, “hype” handia sumatzen zen ikastetxearen inguruetan. Gutxinaka patioan sartzen hasi eta, hara! Ezezagun ugari. Ez da harritzekoa, erakarpen indar handiko taldea bilakatu baita. Esan beharra daukat, hasieratik nire zalantzak nituela ea Andoaingo Udala jakinaren gainean zegoen zer nolako kantuak egiten zituzten. Laburbilduz, nire ustez, famatuak egin direlako eta herriaren izena zabaltzeko baliagarria izango zirelako ekarri zituzten nafarrak; zeuek atera kontuak zergatik. Baina tira, nik gogo bizia nuen talde hau entzuteko, eserita bazen ere.
Kontzertua hasi eta Flako Fonki (Julen Goldazarena) eszenaratu zen, orain arte Chill Mafiak egindako kantu ezagunena jotzeko: Gazte Arruntaren Koplak. Ikusleak zoratzen, baina eserita, zoritxarrez. Ondoren, Kiliki Frexko (Beñat Rodrigo) eta Ben Yart agertu ziren. “Showmanak” zalantzarik gabe. Ez dakit guztia planeatua egongo zen, baina janzkera, eszenaratzea eta esan beharreko guztia, bikain. Gauza bakarra falta izan zen kontzertuan, aulkirik gabeko parranda giroa. Bizpahiru urte atzerako kontzertuen antzera.
Esanak esan, oharkabean pasa ez zitzaidan gauza bat mahaigaineratu nahi dut; gurasoekin kontzertua ikustera joan ziren umeak. Kantu polemikoak edo helduentzat landutako letrak. Gurasoak, hau entzunda zur eta lur geratuko ziren, seguruenik. Haurrak, berriz, letra askoren esanahia ulertu gabe kantuan jarri ziren, musikaren base bikainarekin eta eszenaratzearekin liluratuta. Beno, nire paranoia alde batera utzita, azken gauza bat goraipatu behar dut: musika. Gustatu ala ez, base musikal ona duen taldea da. Ez da bapatean sortu den zerbait, izan ere, soinu makinaren atzean daudenak finak dira, oso. Normalean, abeslariak soilik hartzen dira kontutan, baina niri, pertsonalki, eszenatokian eserita zeudenak harritu ninduten. Ez hori bakarrik, aukeratutako kantuak eta letrak ez dira nolanahikoak, ez dira ausaz aukeratutakoak; arestian esan bezala, badakite, bai, zer egin behar duten jendearengana iristeko. Ez dezala inork esan, musikari buruz ez dakitela ezer.
Amaitzeko, gauza bakarra eskatzen dut; hurrengoan Andoainen kontzertu bat emanez gero, Santakrutzetan izatea. Geroko parranda andoaindarren esku.