Morboaren bila doaz, eta horretarako edonorekin hitz egin edo pribatutasuna urratzea ez die batere axola. Joan zen asteko unibertsitateko gertakariaren harira, hedabide handi bat Andoaingo bazterrak nahasten aritu zen: Aita Larramendi ikastolarekin eta Euskalduna futbol taldearekin kontaktuan jarri zen; herriko merkatariekin ere hitz egiten ahalegindu eta norbanakoekin kontaktatzen aritu zen.
Horrelako jokabideek kazetaritzaren benetako helburua desbideratu eta gure lanbidea zikintzen dute. Esandako guztiarekin, ez dira gutxi sare sozialetan kazetarien aurka idatzitako mezuak. Ulergarria iruditzen zait; herritarrak jo puntuan jarri, informazioa lortzeko edonora jo eta gertakari batetik nobela bat sortu baitute sarritan. Horrek zer pentsatu eman zidan, eta bi txio idatzi nituen Diario Vascoren jokamoldea kritikatuz. Andoaingo bazterrak ezker-eskuin nahasteagatik, eta, bistaz bada ere, ezagutzen ditudan pertsonak erasateagatik.
Bestelako kazetariak ere badaude. Informatzeko lanean dihardutenak, edozer gauza zabaldu baino lehen bi aldiz pentsatzen dutenak eta gertakariaz gain, lagunak, familia eta ingurukoak ere kontuan hartzen dituztenak. Nire kasuan, tokiko hedabide batean lan egin dut eta benetako kazetaritza baten aldeko apustua egin ohi dugula iruditzen zait, beste askok bezalaxe. Geure kasuan, egoera zail askori buruz informatzea suertatu zaigu, baina arduraz jokatu behar izan dugunean, erantzun ona eman dugula iruditu zait. Esan beharra dago, batzuetan, zaila dela albistearen gaineko informazioa modu egokian ematea, faktore asko sartzen baitira tartean; baina argi dago, azken egunetan ikusi duguna sare sozialetan ‘klik’ mordoa lortzeko saiakera izan dela. Noski, kazetaritza lana zikinduta eta pribatutasuna zapalduta.
EHUko gertakariarekin eta Gazte Koordinadora Sozialistari eginiko sasi-erreportajearekin bezalaxe, gehiagotan argitaratuko dira horrelakoak, zoritxarrez. Etikatik ihes egin eta kode deontologikoa zapaltzen dituztenak. Nolanahi ere, beti egongo dira, kalitatezko kazetaritza bultzatzen saiatzen diren komunikatzaileak eta hedabideak.