Oro har, ezarritako muga guztiak errespetatu dira. Aiton-amonak ikusi gabe denbora luzez egon gara. Egoista dirudien arren, gazteak eta ez horren gazteak direnak, sozializazio-guneak, moduak eta erak sakrifikatu dituzte. Eta, horrela, amaigabea den beste horrenbesteko zerrenda luzearekin.
Bestalde, jasotzen ari garen gauza bakarra ezjakintasuna da. Atzera begira, txertoekin gutxinaka normaltasuna berreskuratzen hasiko ginela hitzeman ziguten. Ni eta gizartearen zati handi bat txertatua gaude, baina Jaurlaritzak planteamendua ez du askorik aldatu. Koronabirusarekin bizitzen ikasi beharko dugu, baina noiz edo nola? Demagun euskaldunen %95 txertatzea lortzen dela, baina ‘normaltasunerako’ zantzurik ikusten ez dela. Berriro ere ezjakintasuna.
Hori guztia gutxi balitz, 4.000 osasun-langile kaleratu zituzten, tartean, 750 aztarnari (%94). Egoera oso larria izan ezean, kontsulta presentzialak eta ebakuntzak atzeratu dituzte. Bada koronabirusa harrapatu eta zortzi egunera deitu dienik ere, langile gutxi daudela medio. Koherentzia falta izugarria eta gizarte oso baten ezjakintasuna areagotzen.
Zerbait gehiago aipatu nahiko nuke, Covid Ziurtagiria. Onintza Enbeitak Berrian idatzi zuen iritzi artikulua hartuko dut oinarri: “Segurtasun faltsua”. Askorako balio ez duen neurri polemikoa. Berdin-berdin kutsatu zaitezke, txertatua egoteak ez zaituelako kutsatzetik babesten; gainera, langileei polizia-lana egitearen karga ezartzen zaie. Nafarroan duela pare bat aste jarri zen Ziurtagiria indarrean eta kutsatzeak ez dira jaitsi. Katalunian ere antzekoa da egoera. Baina zertan ari dira? Indartu osasungintza, hori bai bermea, eta ez oraingo desastrea!
Hiru pauso aurrera eta bi atzera egiten ditugun bitartean, ezjakintasuna handiagoa da eta amaiera lausoagoa ikusten dut. Haserre nago, nekatua. Ezerk ezertarako balio ez duenaren irudipena dut. Martxa honetan, nekea lehergailu bihurtuko du ezjakintasunak, batek jakin zein norabidetan, eztanda eragiteraino.