Horrek, jendartea eztandarazi eta elkartasun uholdea sortu du mundu osoan, baita Andoainen ere. Eta noski, ideia ona iruditu zitzaidan, zeren eta Andoainen afganar eta iraniar jatorriko herritarrak baitaude.
Larunbat eguerdian, Goikoplazara gerturatzen hasi ziren hamarnaka herritar, haur, gazte eta heldu: Irango eta Afganistango emakumeei elkartasuna adierazteko. Bada, hasi bezain pronto, askok bestelako zerbait aurkitu zuten: batetik, lehen lerroa hartu zuten politikariak eta herritar ezagunak. Bestetik, arrotz sentitzen zen elkartasun ekimena, pankartaren lelotik hasita: “Andoain giza eskubideen alde”. Antza, ez nintzen bakarra; bertaratu ziren herrikide ugarik beren desadostasuna eta harridura adierazi zuten.
Hasieran bero nengoen arren, buru hotzarekin hausnartzeko denbora hartu dut. Zergatik elkartasuna adierazteko ekimenean protagonismoa hartu dutenak herriko ohiko pertsonak dira? Zergatik emakumeen aldeko ekimena izanik ‘Giza Eskubideak’ bezalako terminologia zabala besterik ez dute erabili? Zergatik utzi zaie bigarren planoan Goikoplazara gerturatu ziren iraniarrei eta afganiarrei? Ezin uka daiteke ideia onaren atzean, egikaritza okerra eta protagonismo nahia zegoela, batzuren aldetik behintzat.
Elkartasuna ezinbestekoa da, garrantzitsua. Horretan euskal herritarrak esperientziadunak gara, baina asko dugu ikasteke, batez ere, larunbateko ekimenaren harira. Horrelako gauza bat ezin da sinpatia erakusteko eta politikoki zuzena izateko tresnatzat erabili. Zergatik? Goikoplazara bertaratu ziren bizilagun iraniarrak eta afganiarrak pankarta populistaren itzalpean geratu zirelako.