“Gauzak gertatu daitezkeenean, gertatzen direla nago” zioen Maialen Lujanbiok hasierako agurreko bertsoan; ez da kasualitatea, bost urte beranduago, heldu eta gazte, Nafarroan elkartu izana bertsolariak entzuteko. Oilo-ipurdi tankerako armadura soinean, esperotako itxaronaldi luze baten klimaxa izan zen Nafarroa Arenakoa −emozioz bizitako eguna−.
Bost urteko itxaronaldia... Bost urte Nafarroa Arena Euskal Herri osoko bertsozalez betetzeko, herri baten batasuna ikusteko. Horrenbeste jende artean, bizitu genuen giro ona eta errespetua ez da sarritan ikusten; izan ere, pandemiak ez gaitu hobeak bilakatu, ez eta aldatu ere, horixe bera aipatu zuen Maialenek. Zuek ez dakit, baina nik argi ikusten dut: bertsolaritza komunikatzeko modu landua zein erakargarria da, inoizko gai konplexuenak eta tabuenak azaleratzeko tresna, harrotasuna eta poztasuna helarazteko erreminta eta euskal jendartea batzeko makina.
Noiz ikusi duzue bada, heldu eta gazte, gai berberaren gainean hausnartzen, barre egiten edo masaileko malkoak xukatzen?
Xukatu... Txapeldunaren ahotik ikasitako hitz ederra, eta, atzo, Nerea Ibarzabalen ondotik praktikan jarri beharrekoa. Tabua denari ahotsa jarri eta familia arteko bortxa azaleratu zuen: “Oroitzen baitut bere hitz hori / bere ahots diskretua / egon isilik hau izango da gure arteko sekretua”. Bertso asko aipatuko nituzkeen arren, hau da iltzatuta geratu zitzaidana, eta, egun, ixilpean mantentzen den arren, erradikatu behar dena.
Horrenbeste gauza kontatzeko eta horrenbeste bertso zitatzeko... Baina ezin amaitu dezaket artikulu xume hau Aitor Mendiluze aipatu gabe. Hor doa urtez urte, finalez final, txapela hatzekin ukitzen. Eta txapela jantzi ez arren, konstantziaren txapelduna bilakatu da, amari merezitako aitortza eginda eta eskerrak emanda.
“Baina ez nuke joan nahi ama,
zutaz gogoratu gabe.
Inoiz ez degu euskaraz egin,
ez zara hizkuntzaren jabe.
Bertso eskolara zure eskutik
iritsi nintzen, halaere.
Ta ez gaur ez zaude Arenan baina
oholtzan nerekin zaude”.