Unibertsitatean ikasi nuen hitz interesgarrienetakoa infoxikazioa da: hots, gehiegizko informazio kargak sortzen duen nahasmena dela esango genuke, laburki. Horri, azaleratzea nahi ez duten informazioa gehitu beharko genioke, egungo egoera ulertzeko. Informazio ugari dugu esku artean eta prozesatzeko denbora gutxi. Bada, bitartean, errealitatearen aztarna galtzen dugu, garrantzia handiegirik ez duten albiste hutsalekin. Zera esan nahi dut, horrenbeste dira jaurtitzen dizkiguten berriak, ez garela ohartzen ezkutuan igarotzen diren albiste garrantzitsuez.
Adibide gisa, Estatu Batuetako Ohio estatuan jazotako hondamendia hartuko dut. Ba al dakizue zer jazo den? Agian, ez. Astebete igaro den arren, hedabideetan ez dute informaziorik eman.
Iragan otsailaren 4an, 100.000 galoiko binil kloruroa zeraman trenak istripua eduki eta gai kimiko-kantzerigeno guztia isuri zuen, leherketa artean gas arriskutsu bat zerura barreiatzen zuen bitartean. Estatu Batuetan inoiz gertatu den hondamendi klimatiko handiena da. Zeuen kabuz begira dezakezue informazio gehiago.
Hari beretik tiraka, AEBko gobernuak gertakaria oharkabean igarotzea nahi izan du, horretarako, arestian aipatu ditudan albiste hutsalak erabilita: Txinaren “espioitzarako” globoa, objektu hegalari ezezaguna (OVNI) atzematea, etabar. Horrez gain, gaiaren gainean informatzeko saiakera egin duten kazetariak mehatxatu dituzte ere. Neurri batean lortu dute, gertakaria isilpean mantendu da astebetez, sare sozialetan zabaldu den arte. Aurki hedabide guztietan emango dute duela astebeteko gertakaria, seguraski.
Adibide internazional bat erabili dudan arren, Euskal Herrian ere horrelakoak gertatzen dira. Urrutira joan gabe, Zaldibar kasuaren gaineko polemika oharkabean igaroarazi nahi izan zuten. AHTaren ondorioz sortutako kalteak ere ezkutatzen saiatu dira, esaterako, Arrasateko Lezetxikikoa kalteak . Erraustegiaren kutsatze masiboaren gaineko informazioa inguruko gutxi batzuek edukiko dute, ez delako apenas hedabide masiboetan informatzen. Horrela behin eta berriro.
Informazioa horren eskura dugun garaian, ezjakintasuna eta desinformazioa inoiz baino handiagoa da. Zorionez, badira beren lana ondo egiten duten kazetariak zein hedabideak.