Emakume eta gizonaren langintza

Erabiltzailearen aurpegia Olatz Mitxelena 2019ko mar. 11a, 10:15

Sagardoa, familiaren gintza, emakume eta gizonaren langintza. Bizimodua ofizio ala ofizioa bizimodu?

Bizimoduak ofizio bihurtzen dira batzuetan; ofizioak bizimodu besteetan. Familiak gizarte estrukturaren oinarri nagusi izan dira
mendeetan zehar; eta Sagardogintzaren kasuan langile taldearen bermea ekarri izan dute hainbat gizalditan. Familia izan da
bizia aurrera ateratzeko lantaldea gure oinarrian dauden baserrietan.

Baserrietako ofizio honek hainbat alor jorratu izan ditu eta egun ere halaxe dirau: lurra, frutagintza, baratza, ganadua eta hainbat
produkturen ekoizpena. Tartean, sagardoa. Etxekoen lanarekin ateratzen zitzaion egunari errendimendua. Eta familia hori izan da ofizioa aurrera eraman duena.

Plazari dagokion eremua gizonena izan dela diogu askotan. Hein handi batean hala da, askotan jarri ditugu adibide gisara bertsolaritza eta herri kirolak. Plazaz gain, etxetik kanpoko ordezkaritza ere gizonak eraman izan du hainbat espaziotan, izan beste baserri eta sagardotegietako sagardo dastatzean, argazkietan edota sektorearen bileretan. Plazako salmenta, etxeko kupelaren zerbitzatzea eta diru kontuak, berriz, emakumeen eremua izan dira. Eta espazio hauek hala mantendu dira urte
luzez, nork bere lekua zein zen jakingo balu bezala, ulertu edo errespetatzen ez duena ero edo sistemaren aurka egongo balitz bezala, historian anekdota eta errebelde modua gordeta geratuko dena, ahaztarazi ez bada bederen. Bakoitzak nahia eta egin
nahia garrantzitsua ez balitz bezala; ordena kultural, publiko eta erlijiosoak arautzen zuenaren arabera. Bakoitza bere lekuan, txintxo eta konforme.

Konforme egoteari uzten zaionean, ordea, kaosa. Gizakiak duen joera ohikoa: ulertzen ez duena errefusatzeko beharra, espazioak konpartitu beharrean botere harremanak eraikitzeko beharra, ordena mantentze aldera. Eta hor hasten da saltsa. Etxean lanean ari zena fabrikara ateratzen da, etxeko lanei eusten dien bitartean. Krisiak langabeziaz jantzi du gure lurra eta
kanpoan lanean ari zena etxera itzuli da, etxeko zaintzara? Kontziliazioa hitzaren ezinegona, feminismoaren borroka eta bide berean berdintasun eta parekidetasun hitzen lanketa. Eta sagardogintza, hainbat euskal ofizio bezala, katilu berean dantzan.

Generazio aldaketak eta formazioak lagunduta, gizon-emakumez osatutako familia egiturak eta lanerako moduak ondorengotza parekidetasunean lantzen segitzeko aukera ematen du. Hau da, maiorazkotik haratago, etxea semeari uztetik haratago, uzten
dutenen eta hartzen dutenen nahiak ulertu eta familia egituraren jarraipena, enpresa izaeraren eta nork bere zoriontasunaren eta bizitza kalitatearen bermea bilatuz.

Kaosa pasatzen ari da, lanbroak oraindik argi bide zuzenik erakusten ez badu ere. Espazioen mugak pixkanaka hautsita, nork bere lekua gaitasunen arabera bila lezake, sexutik haratago. Eta orain, pausuak aurrera eramanez, baldintza egokiak bilatzeko bideak hasi gara lantzen, nork bere postuan dagozkion baldintzak izan ditzan, gizon ala emakume izatea kontutan izan gabe.

Eta hori ikusten dugu apurka-apurka sagardo dastatzeetan, sagardotegietan, otorduetan, tabernetan, argazki zein iruditan, hainbat eremu eta diskurtsotan. Lehen emazte edo alaba zena, etxe bateko halako dugu orain. Funtsean, naturala izatea da
garrantzitsuena. Egoeraren argazki erreala egiten jakitea, parean dugunaren nahiak galdetzea, emozioak identifikatzea eta
ondorengotza modu osasuntsuan lantzea. Hitz egitea. Komunikatzea. Komunikazioak lagun diezaguke errealitatea begiak zabalik entzuten, lagun diezaguke sagardo kontsumitzaileak hainbat garela ulertzen. Hainbat eta anitzak gara, emakume eta gizonek gozatzen dugun edaria dela.

Sagardogintza ez genuke ezagutuko gizaldietan emakume eta gizonek elkarrekin lan egin ez balute. Eskerrak haiei denei urte luzez bizimodua ofizio eta ofizioa bizimodu bihurtu zutelako.

Guri, egun gabiltzan gizon eta emakumeoi egungo ohitura eta aldaketak ulertzea dagokigu, naturaltasunez jokatuz orainean zein
etorkizunean gurea den produktu honen bertuteak, kalitatea eta irrika lantzen segitzeko. Sagardoak elkar gaitzan gure txoko kuttunetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!