Agenda 21, Agenda 2030

Erabiltzailearen aurpegia Ondarreta ikastetxea 2020ko urr. 19a, 14:56

Orain arte Eskola Agenda 21 (EA21) zen ingurumen hezkuntzako plana hemendik aurrera Eskola Agenda 2030 izendatuko da eta aldaketa garrantzitsuak izango ditu.

Orain arte Eskola Agenda 21 (EA21) zen ingurumen hezkuntzako plana bideratzen zuen eskola proiektua baina ikasturte honetatik aurrera, Eskola Agenda 2030 izenburupean, aldaketa garrantzitsuak izango ditugu ingurumenari lotutako eskaintzan. Hemendik aurrera ingurumenari lotutako hainbat gai landu beharrean, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) landuko ditugu.  

Hain zuzen ere, 2015ean, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Garapen Iraunkorrari buruzko 2030 Agenda onartu zuen, aukera bat herrialdeek eta beren gizarteek bide berri bati ekin diezaioten guztion bizitza hobetzeko, inor atzean utzi gabe. Agenda 2030ek garapen jasangarriko 17 helburu ditu: pobrezia desagerraraztea, klima-aldaketari aurre egitea, hezkuntza, emakumeen berdintasuna, ingurumenaren defentsa edo gure hirien diseinua.

Beraz, 2020/2021 ikasturtea transtsizio urtea izango da, Agenda 2030 ezartzeko bidean. Kasu honetan, Buruntzaldeako eskualdeko herri eta ikastetxeetan GIHen 15. helburua jorratuko da: lehorreko ekosistemei dagokionez, basoa landuko da. Helburu zabal honen barruan, helmuga zehatzagoak kurtsoan zehar zehaztuko dira.  

Ikastetxeek eta herriko beste eragileek, bakoitza egokitzen zaion esparruan eta bere agenda propioarekin, bi urteko epea izango dute helburu hau lantzeko.

Hori dela eta, datorren urriaren 22an aurtengo GIH lantzeko asmoarekin antolatu dute irakasle eta familentzako hitzaldia Urnietan, Lekaio Kultur Etxean. Landarlan Ingurumen Elkarteko kidea den Garazi Auzmendi arituko da “Basoaren erabilera kurrikularra Buruntza eskualdean” hitzaldian.

Era berean, Ondarretako web gunean joango gara jasotzen Agenda 2030 proiektuaren inguruan sortzen dugun informazio guztia. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!