Ezinezkoa da zigor horiek gau hartako borrokaldiaren ondorio soila izatea. Adibide asko daude hori agerian uzten dutenak. Esate baterako, aurreko hilean Valentziako herri bateko ehun pertsonaren arteko borroka baten ostean harriak jaurti zizkioten Poliziari eta zazpi identifikaturekin amaitu zuten. 2011. urtean gidari batek zerbitzuan zegoen Guardia Zibil bati ukabilkada bat eman lurrera bota eta kasik akabatu zuen, baina honek bost urteko zigorra jaso zuen. Altsasuko gertakarietan, aldiz, lesio bakarra txorkatileko haustura izan zen. Hori dena, Guardia Zibilak zein beste polizia motek eginen dituzten agresioez hitz egin gabe, hauek errugabetasun osoaz gozatzeko eskubidea baitute.
Horrenbestez, argi geratzen da, Altsasuko gazteei gertatu zaiena Euskal Herritarrak izateagatik gertatu zaiela; edo, batzuek esango luketen moduan, “Zona especial norte”-koak izateagatik. Egia esan, batzuei ederto datorkie betikoaz baliatzea, bestela, nola ulertu fiskalak gazte hauek - Alde Hemendik mugimendua tarteko - ETArekin lotzeko egindako neurrigabeko ahalegina? Azken finean, hortaz bizi da Guardia Zibila eta baita bera inguratzen duen eskuin politiko osoa ere. Izan ere, indar polizial honek Euskal Herrian aurretik zentzu gutxi bazuen, orain, ETAren ekintza armatua amaiturik ulergaitza da euren presentzia. Baina noski, beraiek zona especial norte delakoa bermatu behar dute euren gainsoldatak jasotzen jarraitzeko.
Kontua da, hasiera batean Guardia Zibilaren diskurtsoak, eta gero, fiskalarenak gain hartu diola gureari: estatu mailan diot. Hori gertatu da, Espainiako eskuineko alderdiek –EHrekin beti egin izan duten moduan – Altsasuko kasua erreminta politiko gisa erabiltzen jakin dutela, beren egoera eta Guardia Zibilarena biktimizatuz. Aldiz, ezker espainola isilik gelditu da. Era berean, Euskal Herritik kanpoko komunikabideek oihartzun gutxi eman diote kasu honi eta eman diotenean gazteei aurka egiteko. Horrela, ez gara gai izan espetxeratutako gazteen aldeko diskurtsoa, ez estatu mailan, ez estatuz kanpo unibertsal bilakatu eta kondenak hutsera murrizteko.
Ondorioz, egunak pasa egunak etorri, 1000 dira jada merezi gabeko zuloan daramatzatenak eta, tamalez, barruan dauden zazpi gazteek ezin dezakete euren buruaren alde ezer egin. Gauzak horrela, guk egin beharko dugu borroka eurengatik, 1000 gezur eta manipulazioren aurrean txarrenari onena atera behar diogu. Eta bai, onena da Euskal Herrian askotan erakutsi dugula 1000ka garela eta indarra badaukagula. Irabazteko ordea, indar hori ahalik eta gehien zabaldu behar dugu eta hori oraingoz dugun indarra batuta soilik lortuko dugu: jendea kuestionatzera eta batzera animatuz. Azken finean, lortu ezkero, ez litzateke kaleko jendeari esker aldatutako lehenengo sententzia izango.