Eguberrien esentzia

Erabiltzailearen aurpegia Peio Manterola Pavo 2021ko abe. 17a, 11:23

 “Zeuek Olentzero sorbaldan jaso, guk maindire zuri hau zabaldu eta goazen!”.

Abarka deseroso haiek jantzi eta herria zeharkatzen genuen olesean. Azken bi urteotan gaiztu den ohiko eskola-ekintza hura gaztaina zimelen usain artean amaitu ondoren, lotsa-gabe txapela pasaz, sosa batzuk zorroratzeko asmotan tabernaz-taberna jarraitzen genuen kantuan. Arrastian aldiz, Olentzero zertxobait limurtzeko gogoz, eskuak goxatzen zituen kriseiluaz bidea argitu izan nion ikazkinari eta Mari Domingiri. (Tira, azken hori ikastolak antolatzen zuen ekintza izanik, irakasleekin puntu batzuk irabazteko asmoz ere egiten nuen, ez bainaiz izan inoiz puxtarriz soberan ibili den horietakoa). Alaitasunez hartzen nuen Eguberri eguna.

Batek buelta asko eman diezazkioke, ordea, emozioz betetzen duten gaiei. Maiz, norberak sentitzen duen hori zer den ulertu ez eta barne-haserreak ere sortzen direla esango nuke. Ni bederen, horietakoa naiz, kontu batzuei hamaika buelta eman, sumindu eta erantzun gabeko sentipenei muzin egiten dienetakoa, alegia. Nola zitekeen ideologikoki baztertu nahi nuen guztiak –hots, pentsamendu kristauaren nagusitasuna, kontsumo gehiegikeriak, etab.– nigan halako irrika piztea?

Esentzian, Navidad-eak eta Eguberriak berdinak dira. Kontsumo mugagabeak hartu ditu eta horretantxe oinarritzen dira. Halaber, bere kutsu erlijiosoak kantuetan, jaiotzetan, folklorean… bizirik dirau. Areago, ospatzen dena Jesusen jaiotza da, soil soilik. Sinestun batek hala esan zidan: “kristautasuna asko kritikatzen du jendeak, erlijiorik gabe Olentzero ez litzateke existituko”. Hori gutxi balitz, barrenak zartatzen dizkit haurrek jasoko dituzten opariek izango duten eduki erdaldunetan, euskarak egungo jostailuetan zein bestelako aparailuetan duen presentzia urrian eta, nola ez, umeen artean sortuko diren mailaketetan pentsatzeak.

Itxaron.

Esentzian, Navidad-eak eta Eguberriek ezberdinak dira. Hitzetan dago gakoa. Latinezko nativas hitzetik datorren navidad-ek, nacimiento esan nahi du; beraz, Jesusen jaiotza omentzen du hitzak. Aitzitik, “Eguberri”-k egun berriak dakartza gogora. Hala nola, urteko gau luzeenaren ostean hazten hasten diren denbora-tarte argitsuak oroitarazten dizkigu eta, noski, egunen mardultzea urte berriaren seinale da. Urte eta eurite berriek dakartzaten uztak oparoak izango direnaren esperantza gordetzen da hitzetan. Akaso kasualitatea izango da, baina Euskal Herrian badira hainbat toki non Urte-berri egunez ura jaso eta atez-ate banatzen baiten (Lekarozen esaterako). 

Eta Olentzero zer? Gure “Aita Noel” maitea. Bere izenaren esanahia “onen-aro” delakoan gordetzen dela diote aditu gehienek (garai onak datozela esan nahi omen du). Akaso hori da Euskal Herriko hainbat txokotan Gabon-gauez Olentzero izeneko enbor bat erretzearen arrazoia, zeinak urteko iluntasunik luzeena piztuta irauteak garai onak datozela adierazten baituen: bai uztaz, bai osasunez. Ez da  ustekabekoa gure jentila ikazkina izatea edo beti pipa ahoan duela ibiltzea. Ura eta sua, euria eta eguzkia, ezin albo batera utzi gosea pasatzea zer den jakin bazekitenek.

Esentzia bera – historia eta etorkizuna, sinesmenak eta ohitura zaharrak– gure hitzetan daudela adierazi besterik ez dut egin nahi. Pertsonalki, Olentzero, kristautasuna ailegatu aurretik enbor magiko eta pagano bat izan zela sinestea gustatzen zait, gerora, mundializazio ezberdinen eraginez eraldatzera behartua ikusi dena. Josuren jaiotzaren berri ematera bordatik jaitsi zenaren meritua ere esleitu izan zaio eta, haur literatura umeak beldurtu zein eskarmentatzeko tresna zenean, ikazkin basati hark gazteak irensten zituela zioen kondairak. Gaur, akaso, hedabide espainolek adierazten duten moduan, “el Papá Noel vasco” izango da, baina gizarteak hala baldintzatuta. Gainera, garaietara egokituta, kontsumoan oinarritutako pertsonaia ez-ezik, “demokrata” bat dugu lehen jentil gaizki hezi bat zena, zuzenbide estatu baten moduan legea betearazteko tresnak baititu: “jarrera ona ez baduzu Olentzeroren ikatza jasoko duzu”. Halere, pertsona behartsuak eta aberatsak ez dira modu berean zigortzen edota saritzen. Bilbon modelo saiakera ere egin izan du ikazkinak eta, aurki, youtuber sartuko da (jada hala ez bada). Edonola, Olentzerok “onen aro” izaten jarraitzen du.

Horrenbestez, euskaldunok ez gara bakarrak, baina badugu identifikatzen gaituen elementu ezberdingarririk. Agian, gizarte-alderdiak gu bezalako “barbaroongan” txertatzeko gure ohiturak erabili behar izan dituzte ala, ziur aski, guk baliatu ditugu aitzinako paganismoaren kondarrak historian zehar jazotako zein jasotako globalizazio anitzetan irauteko. Horixe bera da ni eta beste asko emozioz betetzen gaituena: gustuko ez ditugun alderdiak baztertzeko indarra ez izan arren, Eguberrietan euskaraz egiteko eta jai hauetan euskal hitzen inguruan biltzeko aukera dugula. Hala bada, garai trakets hauetan ere gure enborrak piztuta iraun dezala, hori baita Eguberrien eta etorkizuneko aro onen esentzia.

Argazkia
@muak_eus-i ostua: https://twitter.com/muak_eus/status/1072791526151983104


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!