Betiko lez hanka sartu nuen. Zera idatzi nion Leire Elizegiri: “Kaixo Leire, beranduxeago helduko naiz”. Azkenean, tira, bertaratu nintzen, ikusi nuenlehen eserlekuan jesarri nintzen, arnasestuak baretu, arineketen ondoriozko izerdiak sikatu, eszenatokira begiratu eta neramatzan presak nahiz kezkak bizipozean bilakatu zizkidaten. Zer esanik ez, harmailatan sumatzen zen familia-giro goxoak! Bai, bizipozez irten nintzen bertatik eta gaur ere hala jaiki naiz.
Egitasmotik loratu diren kantu eta bideoklipek, doinuek zein literaturak, badute tasun limurtzailerik. Nire ustez, ezaugarria ez-ezik jomuga sentimentala ere badena. Funtsean, Bizipoza elkartearen misioetako bat, gizartean Euskal Herriko elkarte ezberdinetan biltzen diren kolektiboekiko sentsibilizazioa euskaraz sustatzea da. Alta, sentsibilizazioak gizarteratzea eskatzen du eta, orobat, gizarteratzeak ezagutza. Ezagunak izan behar dute, alegia: bai Bizipozak, bai honek barnebiltzen dituen elkarte anitzek. Ezaguna dena, ordea, famatua delako da ezaguna; famatua, halaber, ezaguna izateagatik da famoso.
Elkarte-kideak, ostera, familiak dira. Elkarteak familien familiak. Horrenbestez, Bizipoza, familien familien familia zabal bat da. Esan daiteke fama behar duten familiak direla, eta ez fama nahi dutenak. Famarena premiak sortutako premia bat da. Bertako partaide diren banako eta kolektibo ororen eskubideak bermatuta egongo balira, ez lukete ezagun izateko beharra izango.
“Familia” elearen sustraien baitan bada halako tranpatxo bat: famulus hitz latinotik eratorria da, “esklabo” edo “zerbitzari” esan nahi duena. Ez noa esatera familia ala elkarte hauek esklaboak direnik –ezta gutxiagorik ere–, baina Hernaniko udal-ordezkari den Lertxundik halako zerbait adierazi zuen: “Eskerrak zuei egiten duzuen lanagatik. Geuk ere udaletxe mailan autokritika egin behar dugu, zeuek baitzarete berez erakunde publikoetan dauden hutsuneak betetzen dituztenak”. Hala, askok musu-truk, gertu egokitu zaien egoera baten ondorioz, edo, xumeki, ekintzailetasunez eta ezer bueltan jasotzeko xederik gabe, administrazioari babak eltzetik ateratzen dihardute Bizipozan zein bere inguruko elkarteetan.
Baina tira, familia honek zerbait badu, denek elkarren artean zaintzeko eta batak besteari behar duen zerbitzua eskaintzeko abilezia da. Neuk, besterik gabe, familia honetaz jarduteko hitzez baliatu naiz. Jardutearen harira… ez dut esan, baina “fama” grekotik dator eta “hitz egin” esan nahi du. Bada, horretan datza Bizipozak osatzen duen “familiaren fama” errebindikatzearenak: eskubideen alorrean administrazioak dituen eginbeharrak betetzen dituenari, instituzio publikoetan merezi duen hitza eta intzidentzia politikoa aitortzean.