Ez nuke luzatzerik nahi zeharkako hikamiketan, baina kontu batzuk behintzat argitu nahi nituzke. Nire idatzian ez zen Udalak hartutako erabakiaren babes zabala zalantzan jartzen eta erantzunean horretaz jardutea, ene ustez, soberan dago. Ez ziren ezta beharrezkoak, Zulueta bozeramaileak argitaratu dituen diru-kontuen datuak. Sinesgaitza egiten zitzaidana ez zen diru gutxiago gastatzea, baizik eta lan berdinarentzat, aldi berean bi lanpostu sortu eta milaka euro aurreztea. Eta ez da zuzena kale garbiketaren publifikazioa kritikatzen dudala esatea. Kritikatzen nuena eta dudana, erabakia gauzatzeko modua izan da. Zeren ikusten ari garen bezala, azpikontratetako langileentzat, berpublifikazio erabakien ondorioak larriak izan daitezke. Nire auzokidearen kasuan, hamabi urte garbiketa lanetan aritu ondoren kale gorrian gelditzea.
Pertsona horien lan kontratuak ezinbestean, eginkizun konkretu bati lotuta daude. Aldi berean amaitzen dira zerbitzu enpresaren kontzesioa eta langileen lan kontratuak. Egonkortasun minimo bat lortu eta prekarietatea saihestu ahal izateko, Gipuzkoako kale garbitzaileek, besteak beste, bere Lan Hitzarmenean subrogazio eskubidea jasotzea lortu zuten. Hori dela eta, nahiz eta zerbitzu enpresak aldatzen joan, langileek bere lanpostua mantentzen dute.
Hori kontutan, FCC enpresak bidalitako idatzia jaso zuten bi langileek; esanez ordura arte egiten zuten lana, Andoaingo Udalak hartzen zuela bere gain urte hasieratik. Aurrerantzean ez ziren FCC enpresako langileak izango, Udalak egin behar zuen kargu bietaz eta bere esanetara jarri behar ziren. Hor konpon!
Udalak, aldiz, adierazten du, zerbitzu juridikoak subrogazioa baztertzea aholkatu ziola. Ez zutela langileen subrogazioa egiteko aukera juridikorik eta hori bai, langileek jarritako demanden sententziak, errespetatuko dituztela. Bere ustetan FCCko langileak dira eta Udalak ez du inor kaleratu. Hor konpon!
Ez dakit zer esango duten epaitegiek, auskalo. Bi langileak langabezian daudela, hori bai, ziurta dezaket.
Zerbitzu bat publifikatzeko erabakia hartzen denean auziaren muina, azpikontratetako langileei ematen zaien irtenbidean datza; talka egiten dutelako enplegu publiko eta pribatuaren arteko arauketa desberdinek. Eta sortzen den arazoa ez da eremu juridikoan jokatzen den lehia, eremu politikoan baizik.
Erabaki politikoek, ondorioek eta erantzunkizunek, pakete berdina osatzen dute. Ardurak ezin dira saihestu.
Horrela ulertu dute Nafarroako Gobernuan, Personal Estatutu legea aldatzeko dabiltzan honetan. Enpresa pribatu batek ematen duen zerbitzua, administrazio publikoak bereganatuz gero, langileak subrogatu eta “barneturiko pertsonala” moduan pasatuko dira eremu publikora. Hori ari dira adosten sindikatuak eta Nafarroako Gobernua, momentu honetan.
Halaz guztiz aurreko idatzian esan bezala, marko orokorrik gabe ere posible izan dira irtenbide ez traumatikoak azpikontratetako langileentzat, borondate politikoa egon denean.
Nire iritziz, orain arte behintzat, horixe falta izan zaie Andoaingo Udal Gobernukoei.