Orain arte, Andoaingo kale-garbiketan udal langile talde bat aritzen zen eta hauek betetzen ez zituzten beharrak, azpi-kontratatutako langileen bitartez bideratzen ziren.
Udalak argitaratutako oharrean adierazten dutenez, zerbitzu hobea eskainiko dute aurrerantzean, bi lanpostu berri sortu eta, hori gutxi balitz, urtero-urtero 68.000 euro aurreztuko dituzte!! Pentsatzekoa da Andoaingo Udalak asmatutako eredua olio mantxa bezala zabalduko dela Euskal Herri osoan. Hori da kudeaketa txukuna egitea. Harrigarria ez… miraria dirudi!! Baina errealitatea bestelakoa da, zeren izatekotan, mirariak Lourdesen. Azken urte hauetan Andoaingo kale garbiketetan aritu diren langile azpikontratatuak, ikusezinak dira Udalarentzat.
Ez dira existitzen. Baina egon, bazeuden. Eta kaleratuak izan dira. Eta hain zuzen langabeziara kondenatu dituen bi langile horien ordezkoak dira Udalak “sortu” dituen lanpostuak. Hau da, FCC azpikontratan finkoak ziren langileak (subrogazio eskubidea medio) kaleratu eta udaletxeko langile ebentual berriekin ordezkatu ditu.
Erabaki politikoen ondorioz hasi zen Andoaingo Udala hainbat zerbitzu azpikontratatzen. Orain dirudienez beste modu batera antolatu nahi ditu zerbitzuak, “birmoldaketa” egin nahi du, makinari berria erosiz, e.a. Baina zerbitzu horiek ematen aritu diren langileekin akordatu gabe. Hori al da Andoaingo Bilduk proposatzen duen publifikazio eredua? Ados nago zerbitzuak zuzenean emateko filosofiarekin. Baino ez, orain arte Udalak egindakoaren ardura eta erantzukizunak bere gain hartu gabe. Hori onartezina da. Andoaingoak ez bezala, erantzukizunez jokatu zuen Hernaniko Bilduk, iaz kale garbiketaren zerbitzua publifikatu zuenean. Garbitania enpresa publikoaren bitartez kudeatzen dira orain garbiketa lanak eta enpresa horretara subrogatu ziren FCCen azpikontratatuta zeuden langileak.
Ulertezina izango litzateke Andoaingo Bilduk, aldiz, Iberdrolak jokatzen duen moduan jokatzea: azpikontratatutakoen egonkortasuna ukatuz, langileak kaleratuz. Egon badaude, aukera juridikoak eta politikoak, zilegiak diren langile eskubideak babesteko eta sortutako arazoa konponbidean jartzeko. Borondate politikorik izango ote den argitzea falta zaie Andoaingo Bildukoei.