Neguaren atarian, argi izpi bat

Erabiltzailearen aurpegia RubenGurekin 2022ko abe. 2a, 09:19

Ez da ohikoena izaten, baina tarteka izaten dugu albiste on bat zuekin partekatzeko.

Eta oraingoan horietako egun bat da. 2021. urteko abenduan, Ruben eta Jonen kontrako auzi berri bat ireki zuten, Urdazubin Guardia Zibilaren kontra eginiko eraso batean parte hartzea leporatzen zieten. Egunotan jakin dugu, epaileak auzi hori artxibatu duela frogarik ez dagoela iritzita.

Oraindik poza ez da erabatekoa, 2020. urteko abenduan (Leitzan eginiko beste eraso batean parte hartzea leporatuz) ireki zieten auzi instrukzioan jarraitzen duelako.

Urdazubiko auzian argi geratu da inolako frogarik ez zegoela Ruben eta Jon inputatzeko. Poliziaren eta Guardia Zibilaren obsesioari erantzuten dion inpultsoa besterik ez dagoela honen atzean. 2003. urtetik datorren jazarpen honek jadanik nahikoa min eragin du, eta bidegabeko zigorra ezarri die gure lagunei; tratu txarrak atxiloketan, espetxealdi prebentiboa, zigor ekonomikoa, baldintzapeko askatasunean bizi behar izatea, 15 egunero epaitegian sinatu behar izatea eta abar luze eta mingari bat.

Baina gaurkoa berri pozgarria da, bai horixe. Batetik auzi judizial bat ixteak suposatzen duenagatik, baina bestetik, froga gabezi hau beste auzietan emango dela pentsatzera garamatzalako. Ez dugu justizia honetan sinesten, baina argi dugu beste aukerarik ez dagoela. Haseratik esan dugu eta horrela demostratu delako behin eta berriro.

Beraz, hemendik, orain arte bezala elkartasunaren bidetik jarraitzeko deialdia egiten dugu. Irekita dauden auzi guztiak behin-betiko itxi arte zigorrak jarraitzen baitu: defentsako gastuak eta bizitza antolatzeko baldintzapena hor dagoelako. Urrutira joan gabe, larunbat honetan abenduak 3an eguerdiko 12:00tan Zumeako rotondan Rubenekin eta Axierrekin eta Ainhoarekin ( Andoaingo presoekin) elkartasunean antolatu den kontzentrazioan parte hartzera deitzen dugu. Gure elkartasuna eta maitasuna Ruben, Jon eta beraien senide eta lagunekin, beti izango gaituzte alboan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!