Ikastetxean, eskola-enpresak sortzeko teknikak bultzatzen duen Ikasenpresa programan parte hartzen dugu. Eskola-enpresak bultzatuz ikaslegoaren konpetentziak garatzea bilatzen dugu, profesional on eta pertsona aktiboak izateko. Baita ekintzaileak edo euren lantokietan ekintzaile izateko ere. Helburuak betetzeko, gizarte-errealitate batzuetara hurbiltzea eta ikastetxeen arteko elkarlana sustatzea bultzatzen dugu, gaitasun ekintzaileen garapena lortzeko, hala nola, sormena, berrikuntza, talde-lana, erabakiak hartzea, ekimena, lidergoa, konpromisoa, irmotasuna, negoziazioa…
Ikasturte berri honetan berrikuntzak txertatu ditugu Enpresa eta Ekimen Sortzailea moduluan. Ikasleek sortu behar dituzten negozio ideiak desafiatzaileak, berritzaileak eta bideragarriak izatea nahi dugu. Horretarako, alde batetik, arlo teknologikoari bultzada eman behar diogula identifikatu genuen eta ondorioz, beste modulu teknikoekin uztartzen hasi gara. Bestetik, ikasle taldeek kanpo laguntza eta inspirazioa izateak motibazioan, sormenean eta behaketan eragina izango duelakoan, ikasenpresa programaz gain inguruko enpresa eta erakundeekin elkarlanean hasi gara.
Goi Mailako Zikloko eskola-enpresek (Automatizazioa eta Robotika Industriala eta Sistema elektrotekniko eta Automatizatukoek) Ikasturte honetan diseinatu behar dituzten negozio ideiak “Silver Economy”-aren markoan egon behar dute. Hortaz, Adinberri Fundazioarekin hasi gara elkarlanean euren estrategiak eta proiektuen nondik norakoak partekatzeko asmoarekin. Erdi Mailako zikloei dagokienez, berriz, (Matentze-lan elektromekanikoa eta instalazio elektriko eta automatikoak), baratzaintza eta teknologia uztartzen dituen negozio ideiak sortu beharko dituzte. Gaiari behar bezala eusteko Alberro Baratzaintzakoak etorri ziren euren esperientzia partekatu eta gomendioak ematera.