Bigarren urtez, Sei Orduko Berrikuntza Ekitaldian parte hartu dute Urnietako Salestar Ikastetxeko Lanbide Heziketako bigarren mailako arlo industrialeko ikasleek. Topaguneak bi helburu izan ditu; alde batetik, enpresek dituzten erronketara gerturatzea ikasleak eta bestetik, horiei aurre egiteko erantzun berritzaileak sortzea. Horretarako, sei ordutan zehar ikasleak taldetan banatuta aritu dira lanean; arazoak barneratzen lehenik eta horiek bideratzen ondoren.
Irtenbidea emateko proposatutako erronkak benetakoak izan dira; enpresetako egiazko beharrei erantzuteko sortuak, alegia. Izan ere, ikasleek enpresetan izan ditzaketen zailtasunak identifikatu eta horiei aurre egiteko prestatu ari dira modu horretan. Era berean, ikasten ari diren zikloak dituen prozedurak, konpetentziak eta tresnak egon dira ikaskuntzaren oinarrian. Gai teknikoetan orain arte ikasitakoa eta “ikasenpresa” arloan barneratutakoa uztartuz aritu dira lanean, emaitza “onak” eta kasu batzuetan “oso onak” emanaz, irakasleen iritziz.