Pandemia aurretik egin ohi genuen bezala, ikasturte honetan Lanbide Heziketako ikasleekin hainbat enpresatara bisitak egiteko aukera izan dugu. Irteera horien helburua ikastetxearen testuingurua zertxobait aldatzea da, eta ikasten ari diren espezialitatean lehen pertsonan aritzen diren profesionalek emandako azalpenei esker, sektoreak nola funtzionatzen duen jakin ahal izatea.
Oraingoan, Inprimaketa Grafikoko lehenengo mailako ikasleek Andoaingo Leizaran Grafikak eta bigarren mailakoek Usurbilgo EMAN lantegia ezagutzeko aukera izan dute, biak ere grafikagintzako sektoreko punta-puntako enpresak. Bai batak eta bai besteak hasieratik teknologia berrien aldeko apustua egin zuten bezeroei kalitate gorena eskaintzeko asmoarekin.
Gure ustez, oso bisita interesgarria izan da, eta lan-mundura asko hurbildu ditu. Kurtsoa amaitu aurretik beste irteeraren bat egin ahal izatea espero dugu.