Klaseko lan-erronka bezala ekin zion, baina laster bilakatu zen bere bizitzaren parte. Francisco Ruiz Salestarretako Inprimaketa Grafikoko ikaslea dugu. Bertan proiektuetan oinarritutako lanak egiten dituzte, eta Ruizi honako gonbita luzatu zioten: ‘Ekinbide Donostiako Suhiltzaileak’ gobernuz kanpoko erakundearen irudi korporatiboa sortzea. Hala hasi zen eurak laguntzen; gaur arte.
Izan ere, elkartearen irudi korporatiboa egin ondoren, webgunea ere egin zien. “Garrantzitsuena hasieratik elkar ezagutzea izaten da, konfiantza sor dadin. Beraiek beren ideiak zituzten eta nik nireak; hala, pixkana elkarlanean sortzen joan ginen, beti ere Ekinbideren baloreak kontuan harturik”, dio Ruizek.
Hori zela kausa, lehenik identitate korporatiboan liburuxka eratu zuen. “Logotipoa eraiki behar duzu, zer kolore eta forma erabil daitezkeen eta zeintzuk ez, nola jarri behar den gutunetan, txarteletan… Dena”. Pixkana-pixkana gero eta gehiago parte hartzen hasi zen ikaslea, harik eta hurrengo pausua eman zuen arte: “Ez zen erronkaren parte, baina webgunea ere behar zuten eta animatu nintzen: www.ekinbideong.org”, azaldu digu pozik.
Hala, emaitzarekin “oso gustura” dela dio: “Nire harri koxkorra ekarri dudalako, besteak beste, zenbait ekimenen artean, suhiltzaile-kamioia eraman nahi dutelako Ginea Bissauko Bafatá hirira. Zoragarria da. Honez gain, nire kurrikulumerako ere ederra da, enpresa batengana joaterakoan egindakoa modu errealean erakutsi dezakezulako”. Hori gutxi balitz, erakundeko bazkide dugu orain Ruiz eta gaur egun beste hainbat alorretan ere laguntzen ari da. “Jarraituko dut, nire bizitzaren parte da-eta”.