Dualiza proiektuaren baitan, “Bizi zure lanbidea” izenekoa. Ihardunaldiaren helburua, ikastetxearen eta enpresa ezberdinen arteko elkarrekintza bultzatu eta enpresen beharrak zeintzuk diren bertatik-bertara ezagutzeaz gain, lanbide heziketa balioan jarri eta belaunaldi berriei hezkuntza bide honek eskaintzen dituen aukerak ikusaraztea izan da. DBH amaitzeko bidean dauden ikasleak eta dagoeneko lanbide heziketan murgilduta dauden ikasleak izan dira, besteak beste, ihardunaldiaren hartzaile nagusiak.
Haserako aurkezpenaren ondoren, mahai inguru bi izan ziren, zeintzuetan enpresa eta agente ezberdinek hartu zuten parte. Lehenengo mahai inguruan, Gaitek enpresako Asier Garayar, Gama enpresako Raúl Polo eta Loatzo enpresako Alberto Niso ordezkariak izan ziren. Mahai ingurua edukiz bete zuten hiru partaide hauek Urnieta Salestarrak eskolako ikasle ohiak dira, duela hamarkada pare bat lanbide heziketan euren bidea egindakoak, eta gaur egun euren enpresetan erantzunkizun postuak betetzen dituztenak. Gai ezberdinak izan zituzten aipagai, ekintzailetasuna (lehenengo pertsonan, gainera), belaunaldi aldaketak dakartzan zailtasunak edo lanerako behar diren ikasleen perfilak eta gaitasunak. Solasaldiaren joanean hainbat bitxikeria kontatu zituzten, entzuleen harridurarako.
Atseden labur baten ondoren, bigarren mahai inguruari ekin zitzaion; bigarren mahai inguruan, Beterri-Buruntza eskualdeko garapen agentziako Nerea Yurrebaso teknikariak, Ibarmia Innovatek enpresako Arrate Olaiz berrikuntza zuzendariak eta IZ Biomagnetismoa enpresako Xabier Zabalak hartu zuten parte. Bigarren mahai inguruan gai zerrenda anitzagoa landu zen, hizlariak ere profil ezberdinekoak zirela kontuan hartuz. Horrela, esaterako, IZ Biomagnetismoa enpresarekin proiektu amankomun bat garatzen ari garela kontuan hartuz, ikastetxea eta enpresaren arteko elkarlan aukerez aritu zen gehienbat Xabier Zabala. Nerea Yurrebasok, berriz, eskualdeko ikuspegia xehetu zuen, eta Arrate Olaizek, lehenengo mahai inguruan garatutako gaiei jarraipena eman zien, enpresek bilatzen dituzten langileen perfilaren inguruko xehetasun gehiago emanaz.
Ihardunaldiaren amaieran, balorazioa erabat positiboa izan da antolatzaileen aldetik: “aurrera begira halakoak antolatzen jarraitzea da asmoa, enpresekin harremanak estutzen laguntzen digutelako ihardunaldi hauek, ikasleek ikastetxeaz haratago dagoen errealitatea ezagutu dezaten ahalbidetzeaz gain”.