Mirandaola irteera hainbat ikasgai lantzeko

Erabiltzailearen aurpegia Salesiarrak 2022ko aza. 17a, 16:16

DBH 2. mailako ikasleek zenbait irakasgai proiektu bakarrean lantzen dituzte: fisika, teknologia, informatika eta historia ekimenen bidez jorratzen dituzte. Horren harira, Legazpiko Mirandaolako burdinolara eta Bergarako ‘Erreka’ enpresara hurbildu berri dira. Hura ezagutu ondoren, bideoa egin beharko dute taldeka klasean.

DBH2ko ikasleak bertatik bertara ikusten izan dira Mirandaolan Gure arbasoek metalaren sekretuak nola ikasi eta lantzen zituzten. Legazpin kokatutako burdinola zahar honek euskal Historiaurrearen parte garrantzitsua kontatzen digu, hain zuzen ere. Hura ikusi, ikasi eta barneratzea da bidaiaren xedea, ondoren taldeka bideo bana egin dezaten klasean.

Izan ere, Historiaurrea aitzaki hartuta, gainerako irakasgaiak ere landu dituzte. “Metal Aroa jorratu nahi genuen zehazki, historiaurrearen garai garrantzitsua baita: harria lantzen ari zirela, metala deskubritu eta nola landu ikasi zuten, brontzea eta burdina, besteak beste. Eta irteera honetan teknologia eta historia jorratu ditugu zuzenean", azaldu du Asier Irazusta irakasleak.

Bideoa egin ahal izateko, ikasleek ikasi behar izan dute beroarekin -1.300 gradu ingurura- burdina landu egin daitekeela, kolpeen bitartez forma emateko aukera duela, eta behin forma eman ondoren, uretan azkar hoztuta, gogortasuna eskuratzen duela metalak. “Hori bera ikusi ahal izan dute Mirandaolan, prozesua berbera delako, eta gaur egun ere burdina lantzen denean, oinarrian den teknologia hori baita", azaldu du Irazustak.

Hortaz, Legazpin metala nola lantzen zuten zuzenean ikusita, Historiaurrean ibilbidea egin dute DBH2. mailako ikasleek. “Bideoan ikus daitekeen bezala, eskuzko mailuarekin aritu ordez, mailu handia erabiltzen ikasi dute metala jorratzeko, uraren energia erabilita errota batzuen bitartez. Errotaren bitartez, auspo handi bat mugitzea lortzen dute, eta haizea etengabe sutara botatzea, suak indarra izan dezan eta produktibitatea asko handitzeko. Metal Arotik asko aurreratu du gizakiak, eta produktibitatea asko areagotu, baina oinarrizko teknologia bera da", azpimarratu du irakasleak.

'Erreka' enpresan, egungo lanketa

Mirandaola ikusi ondoren, Bergarako 'Erreka' enpresara jo zuten ikasleek. Izan ere, bertan aztertu ahal izan zuten gaur egun torlojuak egiteko prozesuan metala nola lantzen duten. “Prozesua berdina izaten jarraitzen du, baina gaur egun robotak ditugu piezak mugitzeko, prentsak forjado lana egiteko, eta dituzten labeak automatizatuagoa daude. Baina, azken finean, ikusi duguna da Metal Aroan eta Erdi Aroan nola lantzen zen metala, eta gaur egun nola lantzen dugun. Era erakargarriagoa da ikasteko, hainbat irakasgai nahastuta, bizitzan gertatzen den bezala, bilatzen diogu zentzua ikasketa horri. Eta soilik liburuaren bitartez ikasi ordez, gaur egungo enpresetara edo kanpora irteten gara ikastera esperientziaren bitartez".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!