Aste honetan, DBH 1. eta 2. mailako ikasleek Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako KULTURA-ESKOLA proiektuan parte hartu dute. Proiektu honen helburua jarduera kulturala eta artistikoa gazteen zaletasunen eta interesen parte izatea da.
Joseba Beristain soinu-banden konpositorearen laguntzarekin, aurten Goia Sarietarako izendatua izan dena, DBH1eko ikasleek “Sortu zure orkestra birtuala” ekintza egin dute, beren orkestra birtuala sortzeko aukera izan dute eta hori lortzeko beharrezkoak diren aplikazio informatikoak erabiltzeko lehen urratsak eman dituzte.
Bestalde, DBH 2. mailako ikasleek “Musikaren magia ikus-entzunezko lanetan” proiektuan lan egin dute, musikak eta ikus-entzunezko lanak duten harremanaz ohartu dira, eta, hautapen-irizpide baten arabera, film, bideo edo ikus-entzunezko lan batean erabiltzeko musika egokia aukeratzen ikasi dute.