Urnietako Salestarrak eskolan ekintzailetza oso presente dute beti, eta hori sakon sustatzen saiatzen dira urtero. Baita lanbide heziketan ere. Hor, hain zuzen, ekintzailetza bultzatzeko ‘Ikasenpresa’ izeneko programa abian dute orain dela urte batzuetatik; zehazki, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ‘Tknika’ zentroko ETHAZI marko metodologikoaren barnean egiten dute, gainera.
Nere Mendizabal irakaslearen eta arduradunaren hitzetan, “’Ikasenpresa’ programaren bitartez ikasleek euren ikasketekin zerikusia duten ideiak enpresa moduluan garatu eta tailerrean teknikoki prototipoa gauzatzen dute. Hala, egun batez ‘erakustazoka’ modukoa egiten dugu: ikasleek euren prototipoak erakusten eta aurkezten dizkiete gainerako ikasleei, irakasleei eta abarri”.
Aurten azoka otsailaren 9an izan zuten, hain justu: “Egun polita izaten da beti, eta urtero bezala, ‘Tknika’ zentroko eta Udaleko ordezkari politikoak etorri dira proiektuak ezagutzeko, baita alkatea ere. Azokatik DBH eta lanbide heziketa guztia pasatzen da ekimenak ezagutzeko”.
Gainera, ‘Ikasenpresa’ bi formatutan egin dute aurten, zehazki: “Lehenik, 10:00etatik 12:00etara, DBHko ikasleek, klaseka, proiektuak ikusi eta ezagutzeko parada izan zuten. Ondoren, 13:00ak arte, batxilergoko eta lanbide heziketako guztien txanda izan zen”, azaldu du Mendizabalek.
Hori gutxi ez eta lanbide heziketako eta batxilergoko ikasle guztien artean bozkaketa eta lehiaketa egin zuten; baita komunitatearen artean ere. Zertarako? “Prototipo-komunikazio hoberena bozkatu zuten, hain justu. Saria ere irabazi zuten lehen, bigarren eta hirugarren postuan geratu ziren taldeak”.