Hezkuntza Sailak Merkataritza-Zerbitzuetan espezializatutako Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloa abian jartzeko akreditazioa eman dio zentroari. Modu horretan, azken urteetako eskaintzari erantzun bat ematen zaio, urtez urte igotzen ari baita ikastetxeko ikasle kopurua.
Salestarrak Magale Urnietak datorren 2025-2026 ikasturterako hezkuntza eskaintza zabalduko du, Merkataritza Zerbitzuetan espezializatutako Oinarrizko Lanbide Heziketako prestakuntza zikloa abian jarrita. Horrela, hezkuntza-sektore eta maila desberdinetan dagoen eskaerari erantzuten dio.
Azken urteetan gorantzko joeran jarraitzen ari da Salestarrak Magale Ikastetxeko Lanbide Heziketan izena ematen duen ikasle kopurua, eskaintzen dituzten maila ezberdinetako ikasketetan; bai oinarrizko mailan, baita Erdi Mailan eta Goi Mailan ere.
Orain arte Arte Grafikoetan espezializatutako Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo bat zuten ikastexean baina aurrerantzean, Oinarrizko Mailako bi ziklo eskainiko dituzte. Bi urteko ikasketak dira, eta, behin gaindituz gero, ikasleek LHko oinarrizko titulazioa lortzeaz gain, DBHko graduatua ere eskuratzen dute. Modu horretan, Erdi Mailako ikasketak egiteko bidea zabaltzen zaio eta Lanbide Heziketako bidearekin aurrera egiten jarrai dezakete.
Hezkuntza-eskaintza integrala duen ikastetxea
Salestarrak Magale Urnietak Haurreskolan hasten den hezkuntza eskaintza du eta handik Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergora joateko aukera dago eta baita Lanbide Heziketako arlo ezberdinetako ikasketak egiteko aukera. Horrela, ia 700 ikasle ari dira prestatzen ikastetxeko etapa guztietan.