Irakurketa plana Salestar Magale ikastetxean

Erabiltzailearen aurpegia Salesiarrak 2025ko ira. 23a, 15:11

Gure ikastetxean irakurketari garrantzi berezia ematen diogu, izan ere, ikasleen garapen pertsonal eta akademikoaren oinarri nagusietakoa dela uste dugu. Horregatik, Irakurketa Plan bat garatzen dugu bai Haur Hezkuntzan eta baita Lehen Hezkuntzan ere.

Haur Hezkuntzan, irakurketaren oinarriak jartzen dira. Lehenik eta behin, entzute aktiboa lantzen da, arreta eta ulermena garatzeko. Aldi berean, ikasleek kontzientzia fonologikoa indartzen dute, modu ludikoan eta testuinguru aberatsetan. Kontzientzia fonologiko horren barruan ikasleek hitzak esaldietan bereizten ikasten dute (kontzientzia lexikoa), silabak identifikatzen eta zatitzen dituzte (kontzientzia silabikoa), errimak aurkitzen eta sortzen dituzte (errima-kontzientzia), eta hizkietako soinuak bereizten eta manipulatzen hasten dira (kontzientzia fonemikoa). Era berean, printzipio alfabetikoa ere lantzen dute. Jarduera horiek guztiak jolas, abesti eta ipuinen bidez egiten dira, haurren motibazioa eta parte-hartze aktiboa bermatuz.

Lehen Hezkuntzan, ikasleek irakurketan sakontzen dute, zikloen arabera:

  • zikloa (1. eta 2. mailak): kontzientzia fonologikoa sendotzen da eta ikasleak deskodetzen hasten dira, hau da, fonemen eta grafemen arteko lotura lantzen. Lehenik, testu sinpleak irakurtzen dituzte eta lexikoa aberasten hasten dira, hitz berriak barneratuz eta ulermena garatuz.

  • zikloa (3. eta 4. mailak): arreta berezia eskaintzen zaio irakurketa-jariotasunari, erritmoa, intonazioa eta zehaztasuna hobetuz. Irakurketa bakarkakoa, partekatua eta ahozkoa lantzen da, eta ikasleek testu mota anitzekin egiten dute lan. Horrela, ulermena sakontzen hasten dira, ideia nagusiak eta xehetasunak bereizten ikasiz.

3. zikloa (5. eta 6. mailak): ikasleek jariotasuna sendotu eta lexiko aberatsagoarekin egiten dute lan modu esplizituan. Horrez gain, ulermen-estrategiak garatzen dira: ideia nagusiak ateratzea, inferentziak egitea eta testu moten egiturak ulertzea. Helburua da ikasleek irakurritako informazioa interpretatzeko eta aztertzeko tresna eraginkorrak eskuratzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!