Gau Beltza 2025

Erabiltzailearen aurpegia Salesiarrak 2025ko urr. 23a, 13:55

Gau Beltza’ berrikuntzekin dator Urnietako kaleak tradizioz eta festaz janztera

  • Urriaren 31n Arimazar ibiliko da Urnietako kaleetan zehar, Salestarrak Magale ikastetxeak antolatutako Gau Beltzaren pertsonaia.
  • Beldurraren tunela bikoiztu egin dute aurtengo ediziorako; 10 metro beharrean 20 izango dira.
  • 200 ikasletik gora ariko dira aktiboki parte hartzen ikuskizun ezberdinetan. Boluntario lanetan, berriz, 30 lagun inguru, bertaratzen diren herritarrei iluntze “paregabea” eskaintzeko.

Euskal Herriko hainbat txokotan bezala, Urnietan historikoki ospatu izan den gaua da urriaren 31koa. Hain zuzen ere, usadio horri eustea eta berreskuratzen jarraitzea da Salestarrak Magale ikastetxetik bultzatu nahi dutena. Hala, datorren urriaren 31n, Urnietan “Gau Beltza” ospatuko da. Duela bost urte ekin zioten festaren lehen edizioa antolatzeari Salestarrak Magale ikastetxetik eta aurtengo edizioan hainbat berrikuntza txartatu dira festa are eta borobilagoa ateratze aldera.

18:30ean Etxeberri plazatik kalejiran joango dira partehartzaileak eta bidean zehar sorpresa ugari izango da; hala nola, dantzak, danbor eta perkusio hotsak, beldurrezko egoerak… Handik San Juan plazara iritsiko dira eta bertan suaren inguruko erritoa, beldurrezko tunela, gaztaina-jana, “saria-ziria”, txokolatada eta abar luze bat izango dira.

Gerturatzen den orok har dezake parte festa aitzindari honetan. Guztiak festan gehiago murgiltzeko, herritarrak arropa “aproposak” jantzita hurbiltzea animatu nahi dute antolatzaileek. “Edozein etxetan daude Gau Beltzeko arropak, beraz, ez dago aitzakiarik jantzi gabe etortzeko” diote antolatzaileek.

Festako protagonistak eta berrikuntzak

Aurtengo festak protagonista erraldoi bat izango du; Arimazar pertsonaia sortu baitute festari irudia eta nortasuna finkatzeko asmoz. Tamaina erraldoian egindako txorimaloa izango da Arimazar. Era berean, urtero arrakasta handia izaten duen beldurraren tunelaren tamaina bikoiztu egin dute ikastetxeko Mantentzeko Elektromekanikoko ikasleek egindako lanari esker eta hamar metroko pasabidea izan beharrean, hogei metrokoa izango da.

Salestarrak Magale ikastetxeko maila batzuetan bereziki landu den gaia izaki, ikasleen lanak protagonismo berezia hartuko du ekitaldian. Horretarako, gau horretan ohikoak ziren jantziak eramateaz gain, dantza emanaldiak, ‘saria-ziria’, beldurraren tunela, danborrarekin ikuskizunak, suaren inguruko erritoa eta abar izango dira. Gelan gogoz eta ilusioz ensaiatzen ari direnak guztiak. Era berean, berrikuntza moduan aurten beldurrezko ipuinak sortu eta grabatu dituzte ikasle batzuekin; hemen adibide bat:
https://www.youtube.com/watch?v=Uk4qxj3adDE&feature=youtu.be

Orotara 200ikasle inguruk aktiboki parte hartuko dute ikuskizun ezberdinetan eta dena ondo atera dadin lanean ariko dira 30 lagun inguru. Hori guztia bertaratzen den orok iluntze “paregabea” pasa dezan.

“Urnietan bertan antzinatik datorkigun usadioa dela jakinik, gure ikasleak motibatzeko, gure historia ezagutarazteko ideia otu zitzaigun. Honetaz gain, herriaren parte garenez, herritarrak gurekin horrelako ekitaldi politaz gozatzeko aukera zabaldu nahi genuen”, azaldu dute antolatzaileek.

Sorpresa ugari ere izango da arimen ekitaldi magiko honetan. “Gauarekin eta oso gureak diren ohiturekin zerikusia duten sorpresak ere antolatzen ari gara. Ez dugu asko aurreratu nahi, baina bisualki polita izatea nahi dugu”.

Horrenbestez, ‘Gau Beltza’ jai-giroan eta Urnietako herritarren artean pasatzeko aitzakia polita dugu honakoa.

EGUNA: ostirala, urriak 31

ORDUA: 18:30

LEKUA: Etxeberri plazatik hasi eta San Juan plazan amaitu (Urnieta)

Bertaratuko dira:

Nahi duen orok hurbiltzeko aukera izango du

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!